62 milioi neskatok ez daukate eskolara joateko modurik

Neska-mutikoak errefuxiatu-eremu batean inprobisatutako eskolan. / AP

Umetako desberdintasunak helduaroan duenez segida, munduko analfabetoen bi heren emakumeak dira

2015ean, 2030 urtera arte indarrean egongo den garapen jasangarrirako agenda onartu zuen Nazio Batuen Erakundeak. 17 xede nagusi finkatu ziren, eta horiek betetzeko ezinbestekotzat jo ziren 169 helburu "integratzaile eta zatiezin". Arlo denak hartzen dituzte barne helburu horiek (ingurumen-arazoena, ekonomikoa, soziala...), eta bada guztiak zeharkatzen dituen oinarrizko ardatz bat: generoen arteko berdintasuna.

Horixe azpimarratu du hain zuzen duela egun batzuk Unescoren zuzendari Irina Bokovak, azalpenaren ondoan helburu horiek betetzea oso zaila izango dela erakusten duten datuak emanaz; herrialde askotako neskatoek ikasteko dituzten arazoei buruzko datuak, alegia.

Agendaren inguruko hitzaldi batean, Bokovak gogoratu du une honetan 62 bat milioi neskatori ukatu egiten zaiela hezkuntza-eskubidea, pobreziaren aurkako eta genero berdintasunaren aldeko borrokan garrantzi handikoa.

Izan ere, prestakuntza ezak bazterketa ekarri ohi du, eta desabantaila hori belaunaldiz belaunaldi mantentzeak egonkortu egiten du emakumeen bigarren mailako rola. Bokovak nabarmendu zuenez, nekez aldatuko dira gauzak hezkuntzaren arloan berdintasuna lortzen ez bada. Eta berdintasuna oso urruti dago hezkuntzaren eremuan. Lehen hezkuntzan, esaterako, herrialdeen %60ek lortu dute mutikoen eta nesken arteko parekotasuna, baina bigarren hezkuntzari bagagozkio oso bestelakoak dira datuak, parekotasun hori herrialdeen %38k erdietsi baitute soilik.

Bien bitartean, biztanleriaren erdia baino gehiago diren emakumeak demografikoki dagokiena baino ordezkaritza zabalagoa dute analfabetoen multzoan: munduan 758 milioi analfabeto badaude, bi heren emakumeak dira.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos