Milaka datu esanguratsu Eustaten urtekarian

Beste gai askoren artean, adierazle demografikoak biltzen dituzte Eustaten eragiketek.
Beste gai askoren artean, adierazle demografikoak biltzen dituzte Eustaten eragiketek.

2017 urtean zehar EAEko ekonomia, gizarte, kultura eta politika arloan izandako datu estatistiko garrantzitsuenak bildu dituzte argitalpenean

EAEko ekonomia, gizarte, kultura eta politika arloan izandako datu estatistiko garrantzitsuenak zabaltzeko asmoarekin, '2017ko Euskal Estatistika Urtekaria' argitaratu du Eustatek. Lurralde historiko bakoitzeko datuak ere jasotzen dira, eta gero horietariko zenbait EBko gainerako estatuetakoekin alderatzen dira.

Urtekaria bost arlo handitan dago egituratuta: Biztanleak, Ekonomia, Gizartea, Lurraldea eta ingurumena, Informazioaren gizartea eta I+G+b. Argitalpenaren arabera, Euskadiko AEko biztanleria guztira 2.171.886 pertsonakoa da 2016 urtean: 1.055.541 gizon eta 1.116.345 emakume. Ekonomiari buruzko kapituluei dagokienez, 2016an Euskadiko AEko BPGren % 69,2 zerbitzuen sektoreak sortu zuen; % 23,9 industriak, % 6,1 eraikuntzak eta % 0,8 lehen sektoreak. Lurraldeei dagokienez, BPGren % 50,6 Bizkaian sortu zen, % 33,0 Gipuzkoan eta gainerako % 16,4a Araban.

Ekonomiari buruzko beste datu interesgarrien artean adierazi denez, turismoari buruzko kapituluan, hotel-establezimenduei eta landetxeei dagokienez, 2016an ia 3 milioi turista jaso ziren, zehazki 2.990.571. Igarotako gauak 5.891.178 izan dira, 2015eko datuekin alderatuta turisten sarrerak % 7,8 hazi dira eta igarotako gauak % 9,1.

Kanpo-merkataritzari buruzko kapituluan, 2016an 21.012.512 mila euro izan zen industria produktuen esportazio balioa, eduki teknologikoaren arabera; % 52,3 teknologia maila ertain altua; % 36,8 ertain baxua; % 8,1 baxua eta % 2,8 altua.

Gizarteari buruzko kapituluan lan-merkatuaren gaia jorratu da eta, besteak beste, okupazio-tasa eta langabezia-tasaren datuak eskaintzen ditu. Euskal AEn, 2016an, okupazio-tasa % 65,7koa zen; aurreko urtean baino ehuneko 1,4 puntu gehiago. 2016an langabezia-tasa batez beste % 13,4ra jaitsi zen; 2015ean baino ehuneko bi puntu gutxiago.

Hezkuntzari buruzko kapituluan adierazi denez, 2016-2017 ikasturtean unibertsitatetik kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzetan matrikulatutako 384.792 ikasleen artean 246.533k D ereduan ikasi zuten, 69.636k B ereduan eta 62.562k A ereduan. 201.184 ikasle zentro publikoetan matrikulatu ziren eta 183.608 pribatuetan.

Horrez gain, gizarte-ohiturak eta errentari buruzko kapituluan adierazten denez, EAEko emakume landunek, batez beste, 2,0 ordu eskaintzen dizkiete etxeko lanei eta 4,7 ordu adin txikiko seme-alabak zaintzeari; gizon landunen kasuan, batez bestekoa 1,2 ordukoa eta 3,3 ordukoa da, hurrenez hurren.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos