Marie Curieri buruzko hitzaldi zikloa bere ilobaren mintzaldiarekin hasiko da

Marie Curie zientzialaria/AP
Marie Curie zientzialaria / AP

Apirilaren 12an Bilbon izango da Hélène Langevin-Joliot doktorea, bi Nobel sari jaso zituen lehen pertsonaren iloba

Hélène Langevin-Joliot doktoreak hasiko du apirilaren 12an Maria Sklodowska Curie zientzialariari buruzko hitzaldi zikloa, Bilbon. Langevin-Joliot bi Nobel sari jaso zituen lehen pertsonaren iloba da. Bere hitzaldiaren izenburua 'Les Joliot-Curie, mes parents, et la radioactivité artificielle' da, eta aldibereko itzulpenarekin eskainiko du. Saioa Bizkaia Aretoan izango da, 18.30ean, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) jakinarazi duenez.

Nekane Balluerka EHUko errektorea, Sameh Safty Frantziak Bilbon duen kontsula, Magdalena Solabarrieta Bilboko Lizeo Frantseseko zuzendaria, Fabrice Charrier Bilboko Institutu Frantseseko zuzendaria, Alfonso Martínez Cearra Suediak Bilbon duen kontsula eta Angel Telletxea Poloniak Nafarroan, Euskadin eta Errioxan duen kontsula ere ekitaldian izango dira.

Esther Domínguez EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoak eta Sonnia L. Rivas-Caballero eta Belén Yuste ekitaldiaren antolatzaileek Marie Curieren biografiaren inguruko hitzaldi labur batekin hasiko dute saioa.

Nobel saria jaso zuen lehen zientzialariari buruzko zikloa beste bi hitzaldik osatuko dute: apirilaren 18an, Naia Peredaren «Marie Curie, primera física médica», eta apirilaren 26an, Juan Carlos Martín Urretaren «A partir de M. Curie; una excursión por la radiología médica». Biak ala biak Bizkaia Aretoan izango dira, 18.30ean. Hitzaldi guztietarako sarrera librea izango da eserlekuak bete arte. Hitzaldietara joateko mariecurie.fct@ehu.eus helbide elektronikora idatziz izena ematea eskatzen da.

Erakusketa bat

'María Sklodowska Curie. Una polaca en París' izenburuko erakusketaren harira antolatu da hitzaldi zikloa. Erakusketa apirilaren 27ra bitartean dago ikusgai EHUko Bizkaia Aretoan. Hogei panelen bidez, Curieren ikerketa lan handia, laborategian etengabe egin zuen lan nekeza eta haren alderdi humano eta solidarioa azter daitezke.

Inork gutxi baldin badaki ere, Lehen Mundu Gerran lan garrantzitsua egin zuen Curie-k auto famatuak gidatzen: milaka eta milaka soldadu erradiografiatu zituen, jaurtigaiak errazago erauzi ahal izateko, eta, horri esker, anputazio traumatikoak saihestu eta ezin konta ahala bizitza salbatu ahal izan zituzten. Erakusketa astelehenetik ostiralera bisita daiteke, 10:00etatik 20:00etara, eta sarrera librea da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos