LGBT kolektiboa «are ikusgarriago egiteko ekarpena» egin nahi du Euskaltzaindiak

Ortzadar LGBT elkarteko eta Euskaltzaindiko ordezkariak, erdian Andres Urrutia euskaltzainburua eta Javier García Ortzadar LGBT elkarteko presidentea dituztela./EUSKALTZAINDIA
Ortzadar LGBT elkarteko eta Euskaltzaindiko ordezkariak, erdian Andres Urrutia euskaltzainburua eta Javier García Ortzadar LGBT elkarteko presidentea dituztela. / EUSKALTZAINDIA

Ortzadar LGBT elkarteak eta Euskaltzaindiak sinatu duten lankidetza hitzarmenaren ondorioz, «hobeto islatuta» geldituko dira Euskaltzaindiaren Hiztegian zein bestelako hizkuntza baliabideetan kolektiboaren errealitateak

Errealitateaz jarduteko balio duen heinean, horren irudi zuzena eman dezake hizkuntzak, baina ispilu eraldatzailea ere izan daiteke. LGBT kolektiboak maiz pairatu du hizkuntzak baztertzeko eta gutxiesteko duen gaitasuna. Euskarari dagokionez, gaiaren inguruko arreta berezia izango du aurrerantzean Euskaltzaindiak, hiru urterako lankidetza hitzarmena sinatu baitu Ortzadar LGBT elkartearekin.

«Euskaltzaindiak ezin dio muzin egin bere erantzukizun sozialari, eta LGBT kolektiboa are ikusgarriago egiteko ekarpena egin nahi du», adierazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak hitzarmena sinatu ondoren. Horren ondorioz, aurrerantzean, Ortzadar LGBT elkarteak Euskaltzaindiari aholkularitza eskainiko dio «herritarren berdintasuna, bizikidetza, sexu-askatasuna eta giza eskubideak Euskaltzaindiaren Hiztegian zein bestelako hizkuntza baliabideetan are hobeto islatuta» ager daitezen.

Axier Garate, Ortzadar LGBT elkarteko bozeramaileak ostegun honetan ospatzen den Homofobiaren aurkako eguna izan du gogoan. «Hitzarmen hau baliatu nahiko genuke gure gizarteak aniztasun afektiboaren aldeko apustu garbia egin duela erakusteko». Javier García, Ortzadar LGBT elkarteko presidenteak nabarmendu duenez, berriz, «gure elkarteak garrantzia eman nahi die euskaraz egindako ikerketei, eta horretarako Euskaltzaindiarekin bat egitea ezinbestekoa zen guretzat».

Euskaltzaindiaren asmoetan ere txertatzen da akordioa. Andres Urrutiak azaldu duenez, «Euskara gaitu eta erabilera berrietara moldatu eta egokitzeko agindua dauka Akademiak, eta horretara dator, neurri batean, hitzarmen garrantzitsu hau. Euskaltzaindiak ezin dio muzin egin bere erantzukizun sozialari, eta LGBT kolektiboa (Lesbiana, gay, bisexual eta transexualen kolektiboa) are ikusgarriago egiteko ekarpena egin nahi du».

Hitzarmenaren arabera, Ortzadar LGBT Elkarteak hiru arlotan eman dio aholkularitza Euskaltzaindiari bereziki. Batetik, Gradu bukaeran eta Master ikasketetan elkarteak sustatzen dituen deialdietan euskararen erabilera normalizatua eta jasoa ziurtatuko du. Bestetik, Elkarteak bideratzen duen aldizkari zientifikoan euskarari toki egokia eta duina emango zaio. Azkenik, «aurreko bi xedapenen ondorioz sortzen den euskararen testu-masa eskuratuko dio Ortzadar LGBT elkarteak Euskaltzaindiari», eta Euskaltzaindiak, besteak beste, «Euskaltzaindiaren Hiztegia elikatzen duen Lexikoaren Behatokia elikatzeko baliatuko du euskarazko testu-masa hori».

Erabaki garrantzitsuak azkenaldian

Era berean, Ortzadar LGBT elkarteak Euskaltzaindiari aholkularitza eskainiko dio herritarren berdintasuna, bizikidetza, sexu- askatasuna eta giza eskubideak Euskaltzaindiaren Hiztegian zein bestelako hizkuntza baliabideetan are hobeto islatuta ager daitezen.

Errealitate hauek guztiak ondo gogoan ditu Akademiak, eta horiek kontuan hartuz, erabaki garrantzitsuak hartu ditu azkenaldian. Besteak beste, familia-harremanetako gaurko errealitatera moldatu ditu Hiztegiko hainbat definizio; dinastia-kontuetan ere egin dira aldaketak; Espainiako Justizia Ministerioari euskal izendegiarekin malguago jokatzeko eskatu zitzaion eta abar. Andres Urrutia pozik agertu da sinatutako hitzarmen berriarekin: «Hitzarmen hau euskal gizartearekin eta beren-beregi kolektibo honekin geneukan zor bat kitatzera dator. Euskara gaitu eta erabilera berrietara moldatu eta egokitzeko agindua dauka Akademiak, eta horretara dator, neurri batean, hitzarmen garrantzitsu hau», aitortu du euskaltzainburuak. «Euskaltzaindiak ezin dio muzin egin bere erantzukizun sozialari -onartu du Urrutiak-, eta LGBT kolektiboa (Lesbiana, gay, bisexual eta transexualen kolektiboa) are ikusgarriago egiteko ekarpena egin nahi du».

Besteak beste, Ortzadar LGBT elkarteak familia aniztasunaren eta genero-berdintasunaren inguruko formakuntza eta ikerkuntza sustatzen ditu, eta gai horien inguruan egiten diren master, doktore tesi eta graduondokoak zabaltzen ahalegintzen dira.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos