Lasaitasuna behar dute marrualdian Gorbeiako oreinek

2014ko irailean egindako argazkian, orein ikusgarri bat Gorbeialdean.
2014ko irailean egindako argazkian, orein ikusgarri bat Gorbeialdean. / IGOR AIZPURU

Arabako Foru Aldundiak mugatu egingo du ibilgailuen zirkulazioa irailaren 4tik aurrera

Orein asko daude Araban. Horrenbeste, non urtero ehunka ehizatzea baimentzen duen Arabako Foru Aldundiak. Iaz, esaterako, 106 har eta 100 eme tiroz botatzo baimena eman zuen propio zedarritutako ehiza larrirako eremuetan, libre zelarik oreinak akabatzea eremu horietatik kanpo, kalteak egiten bazituzten. Aurreko urteetan handiagoa izan da baimendutako kopurua, eta 2017-2018koa finkatu gabe dago oraindik. Izan ere, XIX. mendean neurririk gabeko ehizaren ondorioz Arabako mendietatik desagertu ondoren, XX.eko 50eko hamarkadan garai hartako ICONAk Toledotik ale gutxi batzuk ekarri zituenetik asko ugaldu dira, eta Araban, gainerako lurralde gehienetan bezala, ehiza da orein-populazioa kontrolatzeko modua.

Hastear den marrualdian, ordea, lasaitasuna bermatzen zaie Gorbeiako parke naturalean, non Arabako Foru Aldundiak mugatu egingo duen ibilgailuen zirkulazioa irailaren 4tik aurrera. Mugaketak eragingo diete parkearen Arabako aldeko bide eta pistei, hau da, Zuiako eta Zigoitiko udalerrietakoei.

Neurri honen bidez, "eragotziko da oreinak barreiatzea ugaltze garaian dauden bitartean, eta hautespen naturalaren lagungarri izango da, kanpoko perturbazioak minimizatuz", hala adierazi du Hirigintza eta Ingurumen foru zuzendari Amaia Barredok.

Zuzendaria pozik agertu da zeren "aurreko urteetan marrualdian motor ibilgailuen zirkulazioa murrizturik , hobetu egin baita espeziea, eta gutxitu egin baitira kalteak eremu horretan".

Behatzeko ere, baimena

Salbu eta zur, egur, larre, luberri edo sasien aprobetxamenduekin edo zientzia ikerketekin zerikusia duten kasu baimenduetan, galarazita egongo da motordun ibilgailuen zirkulazioa datorren irailaren 4tik urriaren 8ra arte, biak barne. Marrualdian zirkulazioa mugaturik izango duten pista eta bideak "behar bezala seinalatuko dira", azpimarratu du Barredok, eta gogorarazi du ezen "zaldiz eta mendi bizikletaz egiteko ibilbideetarako ere parkeko arduradunen baimena beharko dela".

Norbanakoek edo taldeek marrualdi sektorean oinez egiten dituzten ibilaldiak Zidorren Sare Nagusian zehar egingo dira, horietatik inolaz ere aldendu gabe. Marrualdian espeziearekin zuzenean zerikusia duten ekintzak egin ahal izateko -hala nola marruak entzun, behatu, argazkiak atera, filmatu eta abar-, parkeko kudeaketa organoaren berariazko baimena beharko da, eta organo horrek ezarriko ditu lekuei, orduei eta jokabideei buruzko baldintzak.

Parkeko kudeaketa organoak debeku eta muga horien berri eman beharko die kasuan kasuko udalei, administrazio batzarrei eta ehiza esparruei. Perretxikoak batzea ere galarazita egongo da epe horretan marrualdiaren eremuan, eta orobat premiazkoak ez diren basoko ekintzak ere, hala nola inausketa, mehazketa eta abar.

Epe baterako murrizketa horrez gain, Arabako Foru Aldundiak gogorarazi du pertsona baimendunak bakarrik ibil daitezkeela ibilgailuekin Gorbeiako bide eta pistetan (abeltzain, nekazari, finka ugazaba, basozain eta abar).

Bigarren urtea da erreskadan Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak bisita gidatuak eskainiko dituena, natur parkeko marrualdian, talde mugatuentzat. Herritarrak ohartaraztea da ekimen honen helburua: "Natur ondarea eta biodibertsitatea hobeto zaintzeko eskura dugun tresnarik onena da", adierazi du Amaia Barredok.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos