Larunbatean omenduko dute Julen Kaltzada jaioterrian

Busturialdean hartu zuen lekukoa aurtengo Korrokan AEKko sortzaileetarikoa izandako Kaltzadak./KORRIKA/AEK
Busturialdean hartu zuen lekukoa aurtengo Korrokan AEKko sortzaileetarikoa izandako Kaltzadak. / KORRIKA/AEK

AEKren buru izandako Kaltzada 82 urterekin hil da, 'Umezurtzen aberria' autobiografia aurkeztu eta egun gutxira

M. IMAZ

'Umezurtzen aberria' liburua aurkeztu zuen joan den astean Bilbon Julen Kaltzadak, Edorta Jimenez alboan zuela. Txapalarta argitaletxeak kaleratu duen liburuan bere bizitzaren eta bere belaunaldikoen bizipenen testigantza jaso eta egun gutxira hil da, 82 urterekin, bidegabekeriak antzematen zituen fronte guztietan borrokatutako ekintzailea. Etxekoek 'Berria' egunkarian jarritako eskelan irakur daitekeenez, 'Umezurtzen Aberria ustegabean gelditu da umezurtz Euskararen Herria'. Agurra datorren larunbatean, azaroaren 18an, egingo diote jaioterrian. Meza eskainiko zaio 17:00etan Busturiko Andra Mari elizan, eta omenaldia ondoren.

Bizkaiko herri horretan jaio zen hain zuzen 1935eko uztailaren 18an, umezurtz utziko zuen gerra hasteko urtebete falta zela. Derioko hilerriko pareta baten kontra afusilatu zuten aita, EAJko zinegotzia zena, Francoren aldekoek, beste milaka euskaldun bezala. Zurtztasun bikoitzaz mintzatu zen hain zuzen liburuan, aitaren edo amaren faltaz gain hainbat belaunaldik aberriaren falta ere pairatu baitzuten. Aberrigintza izan da, hortaz, Kaltzadaren egiteko nagusia, eta arlo ugaritan jardun da.

'Umezurtzen aberria'-ren aurkezpenean Kaltzadari buruz irakur daitekeenez, "liburu honetan, pertsona eta pertsonaia oso aparteko bat aurkituko duzue. Baita gure historia borrokalariko aro luze baten lekukotza zuzeneko bat ere". Eta halaxe da, errepaso zabala egin baitio liburuan Julen Kaltzadak bere bizitza oparoari. 1958an apaiz egina, Francoren aurkako abadeen manifestoa sinatu zuen, eta haien gose greban hartu zuen parte. Horren zuzenean eraman zuen gerra-kontseilura eta 12 urteko kartzela zigorrera. Ez zen aurrenekoa izango, ETAko militanteei lagundu izana egotzita prozesatu baitzuten berriro, beste 12 urte erantsita aurretik zeukan kondenari. Zamorako kartzelan egon zen preso 1976ra arte. Bertan zela prestatu zuen UEUren Buruxka liburutegi digitalean eskura daitekeen 1979ko 'Herriak eta gizonak' lana, "historia luditarra, Euskal Herria ere kondaira zabalago haretan kokatzen" duena. Asko esaten du lan mardulak Kaltzadaren izaerari buruz, "beronenbeharretan direnei zerbitzu bat eskaini nahiak" bultzatuta egin baitzuen lan hura.

Kartzelatik irtendakoan, berreuskalduntzeari eta euskalgintzari eskaini zion ordutik aurrera ahalegin betea. Kartzelakoak, ordea, ez zituen iraganean utzi, are gutxiago han jasandako jazarpena eta tratu txarrak. Maria Servino epaile argentinarraren aurrean salatu zituen.

Euskalgintzaren arloan, AEKren sortzaile-taldekoa izan zen, lehendakari ere izan zelarik. Korrikaren sorreran hartu zuen parte, halaber. Aurrenekoan ibili zen, lekukoa eskuan hartuta, eta oraingoz azkena izan den 20.ean ere bai, berdin, euskararen lekukoari eutsiz.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos