Larritzen ari dira sexu orientaziori edota genero identitateari loturiko gorroto delituak

Fernando San Martin, Lola Déjàvu eta Cristina Rueda, aurkezpenean./GFA
Fernando San Martin, Lola Déjàvu eta Cristina Rueda, aurkezpenean. / GFA

Homofobiaren eta transfobiaren kontrako Nazioarteko Egunaren atarian, ugaldu egin dira LGBTI kolektiboaren eskubideen defentsan diharduten elkarte eta erakundeen denetariko jarduerak

Mundu osoan ostegun honetan, maiatzak 17, ospatzen den Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren Nazioarteko Eguna dela eta, ugaltzen ari dira LGBTI kolektiboaren eskubideen defentsan diharduten elkarte eta erakundeak antolatutako jarduerak. Egunak gogoratzen du 1990eko maiatzaren 17an kendu zuela Munduko Osasun Erakundeak homo homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik.

Besteak beste, astearte honetan aurkeztu da Aldarte, Lesbiana, Gay eta Transexualen arreta zentroak, Foru Aldundiaren laguntzarekin, egin duen 'Gorroto delituak begirada orokor batetik' txostenaren. Horren arabera, munduan «ugaltzen eta larriagotzen» ari dira «sexu orientazioagatiko edota genero identitateagatiko (SOGI) gorroto delituak». Proiektua 2017ko deialdiaren bitartez diruz lagundu zuen Aldundiak. Hortaz, aurkezpenean parte hartu dute Denis Itxaso Kulturako Diputatuak eta Fernando San Martin Kooperazioko Zuzendariak, Aldarteko ordezkariak izan direlarik Cristina Rueda eta Lola Dejavú aktibista mexikar ezaguna. Diagnostikoak azpimarratu egin du gorrotozko diskurtsoa, ikusezintasuna eta LGTB pertsonen kontrako delitu eta Krimenen aurrean babesteko mekanismorik eza.

Agerraldian beste zenbait egitasmo aurkeztu dituzte, hala nola ostiral honetan Donostian egingo den nazioarteko mintegi bat, non aurkeztuko den genero eta sexu aniztasunaren defentsarako nazioarteko sare bat.

Gehitu Sariak

Eguna baliatuz, halaber, Zilarrezko eta Latorrizko Gehitu sariak esleitu ditu Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen Elkarteak. Zilarrezko Gehitu Saria Donostiako Zuzenbide Fakultateari eman diote. Latorrizkoa, berriz, hiru lagunen artean banatu dute. Sariek ez dute ordainsari ekonomikorik, bai ordea balio sinbolikoa. Nolabait esateko, bakoitza bere tokian jartzen du.

Ekarpen positiboa aintzat hartzen duen Zilarrezko saria, esan bezala, Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateari eman diote, «azken urtean egindako lanarekin edo izandako lekukotzarekin LGTBI kolektiboaren berdintasuna defendatzen laguntzeagatik, edo kasu honetan bezala, 2017ko edizioan, kolektibo honi lagunduz eta kolektiboa ezagutzera emanez egindako ibilbide osoarengatik». Fakultateak, hain zuzen, lesbiana, gay, transexual eta bisexualen «eskubideak defendatzen babes irmoa eskaini duelako gure mugen barnean eta gure mugetatik kanpo, zuzenbideko eta kriminologiako etorkizuneko profesionalak Giza Eskubideen defentsaren, berdintasunaren eta aniztasunarekiko errespetuaren alorrean heziz».

Ez dira horretan saiatu diren bakarrak, dena den. Gehituk azaldu duenez, «jasota utzi nahi dugu gure esanbidezko errekonozimendua Urko Aristi eta Galder Pérez kazetariei, kazetari horiek EITBren bitartez, eta bereziki Graffiti programaren bitartez, hilabete askotan eutsi baitiote kolektiboa agerian jartzeko etengabeko konpromisoari. Eta, azkenik, kirol-eremuarekin lotutako erakunde batzuei, hala nola Real Sociedad taldeari, Mons-eko kiroldegiari, Donostiako Soccer World-i eta Fortuna Klubari horiek guztiek LGTBI kolektiboarekin, kolektiboari lagunduz eta agerian jarriz, aurten hartu duten konpromisoagatik».

Podemos-eko David Bravo eta Juan Carlos Monedero eta OCU-ko Rubén Sánchezentzat izan da Latorrizko Saria. Gehituk gogoratu duenez, 2017ko maiatzaren 4an, Lesbiana, gay, trans eta bisexualen Estatuko Federazioak (FELGTB) testu bat aurkeztu zuen Diputatuen Kongresuan, testu hori etorkizunean LGTB kolektiboarekiko diskriminazioaren aurkako Estatuko Legearen oinarri izateko asmoarekin. Proposamen hori Unidos Podemos-En Comú Podem-En Marea talde parlamentarioak erregistratu zuen formalki, eta talde parlamentario guztiek babestu zuten, PP, Unión del Pueblo Navarro eta Foro Asturias alderdiek izan ezik.

Latorrizko Gehitu saria eman dieten hiru gizonezkoek, Lege Proposamenaren aurkako «iritzi kritikoa, beste ñabardurarik gabe» izan zuten. Podemoseko diputatu-ohi David Bravok, alderdi bereko sortzaile mediatiko izandako Juan Carlos Monederok (lege-proposamenaren aurkako tweet-ak idatzi ostean, ez zuela irakurri onartu zuen, soilik gainetik begiratu zuela), eta OCU Kontsumitzaile eta Erabiltzaileak defendatzeko erakundearen buru den Rubén Sánchezek , Gehituren ustez, Latorrizko Saria merezi dute.

Izan ere, «hirurek diskurtsu ustez onzaleak dituzte, baina ez dute proposamen alternatiborik aurkeztu, eta ez dute interes handirik ere azaldu bestelako aukerak bilatzeko; eta, gainera, LGTBI kolektiboak egunero pairatu behar dituen portaera eta eraso fisiko eta hitzezkoei eusteko haziak ereiten lagundu dute. Ados ez egoteko eta kontrako argudioak emateko eskubide osoa dute, baina gure ustez, zera ulertzeko betebehar morala dute, LGTBfobia ez dela, inondik inora ere, iritzi bat, ezta guztiok elkarrekin zaindu behar dugun eskubide legitimo bat baliatzeko modua ere: adierazpen-askatasuna».

Gogoratu behar da, azkenik, ostegun honetan, arratsaldeko 19:30ean, elkarretaratzea deitu duela Donostian EGHAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak, «homo-les-trans-fobia salatzeko» eta gogoratzeko oraindik zazpi herrialde daudela (Mauritania, Sudan, Nigeria, Somalia, Iran, Saudi Arabia eta Yemen), homosexualitatea heriotzarekin zigortzen dutenak, eta beste 70 direla kode penalean homosexualitatea penalizatua dutenak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos