Lankidetza berretsi dute Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak

Bakartxo Tejeriak eta Andres Urrutiak sinatu dute erakunde bien arteko lankidetzarako hitzarmen-markoa./EUSKALTZAINDIA
Bakartxo Tejeriak eta Andres Urrutiak sinatu dute erakunde bien arteko lankidetzarako hitzarmen-markoa. / EUSKALTZAINDIA

euskararen sustapenaren eta erabileraren arloan lanak bultzatzeko hitzarmenak jarraipena ematen dio 2011n sinatutakoari

Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena berritu dute ostiral honetan. Sinadura Eusko Legebiltzarreko harrera-aretoan egin da, Mahaiko kideen eta hitzarmenaren jarraipena egiteko batzordearen aurrean, gaur Legebiltzarrean bildu den Euskaltzaindiaren osoko bilkuraren kideak bertan izan direla. Euskaltzaindiak bigarren aldiz egin du bere osoko bilkura Eusko Legebiltzarrean; lehenengoa 2013ko ekainaren 28an izan zen.

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak eta Andres Urrutia Euskaltzaindiako buruak sinatu dute erakunde bien arteko lankidetzarako hitzarmen-markoa, euskararen sustapenaren eta erabileraren arloan lanak bultzatzeko; hitzarmenak jarraipena ematen dio Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak 2011n sinatutakoari.

Hitzarmen berriak agerian uzten du euskararen aldeko lankidetzan jarraitzeko eta sakontzeko konpromisoa hainbat arlotan, horien artean bi ekintza nagusi izanik: euskaraz sortutako testu juridikoen erakusketa ibiltaria, Euskaltzaindiak eta Eusko Legebiltzarrak euskararen eremuko erakunde legegileekin batera gauzatuko dutena; eta izaera lexikografikoa duen hiztegi juridikoa, herrialdeko erakunde legegileekin unibertsitateekin eta erakundeekin lankidetzan garatuko dena ere.

'Hiztegi juridikoa' izango dena egiteko abiapuntua osatzen dute 'Oinarrizko Hiztegi Juridiko Parlamentarioa' gauzatzeko burututako lanak eta garatutako lanabesek; izan ere, euskaraz lan egiten duten erakunde legegile guztiek erabiltzen dute erreferentziazko hiztegi hori, Euskaltzaindiak eta Eusko Legebiltzarrak 2011n sinatu zuten lankidetzarako hitzarmen-markoaren emaitzetariko bat izan dena. Lankidetzaren beste emaitza batzuk izan dira Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae euskaraz inprimatutako lehen liburuaren argitalpena eta braillez egindako egokitzapena; liburua 17 hizkuntzatara itzuli da eta 3 argitalpenetan eman da.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos