Lanik ez edukitzeak lanera bueltatzeak baino gehiago estresatzen du

Iraileko argazkia: lanera burumakur, eskolara korrika.
Iraileko argazkia: lanera burumakur, eskolara korrika. / Kai Försterling / EFE

Itzulera garaiotan hutsik egin gabe iristen diren ikerketa eta inkestek diotenez, langile askok pairatzen dute opor osteko sindromea

M. IMAZ

"Oporrak amaitu ondoren lanera bueltzatzea baino estresatzaileagoa da langabezia; osasun arazoak izateko arrisku-faktore larriagoa ere bai. Espainian, esate baterako, langabetuek aukera gehiago dute antsietate- (2,2 bider gehiago), depresio- (2,2 gehiago) eta substantzien kontsumoari atxikitako arazoak pairatzeko". Sociedad Española para el Estudio de la Ansiedad y el Estrés delakoaren presidente Antonio Cano Vindel doktoreak idatziak dira hitz horiek.

Hala ere, lanik ez duten pertsonen osasunari askok ukatzen dioten arreta eskaintzen zaio 'oporren osteko sindromea' deitzen zaion horri, eta abuztuaren azken egunetatik iraileko aurrenekoetara izugarri ugaltzen dira gaiaren inguruko inkesta eta azterketak. Aldi baterako lanpostuak kudeatzen dituen Adecco enpresak ere egin du berea. Horren arabera, oporrak amaitu eta lanera bueltzatzean langileen heren batek opor osteko sindromea izango du. Enpresak zabaldutako oharraren arabera, energia faltan ibiliko da, triste eta motibaziorik gabe.

Txostenak dioenez, egutegiaren joanak bezainbesteko eragina dute egoera makur horretan langileak motibatzeko gaitasunik ez duten jefeek, lankideen arteko harreman txarrek eta egiteko errepikakorrek. Gainera, askoz ere errazagoa da sindrome hori pairatzea frustrazioa gaizki eramaten bada, oporrak bereziki luzeak izan badira eta lantokian etsai-giroa nagusi bada.

Heren bati, gutxienez

Aipatutako sintoma horiek (apatia, motibazio falta, nekea...), sindromearen bertsio arinari dagozkio. Muturreko kasuetan, antsietate atakeak, buruko minak eta ondoez larri samarra paira daitezke, nahiz eta sintoma horiek oso pertsona gutxik izaten dituzten.

Datu deigarriagoak ere badaude... Adeccok esaten badu %33ri eragiten diela opor osteko sindromeak, Aora Health konpainiak zabaldutako oharrean kopurua %68an finkatzen da. Horietatik, %13,5 "izugarri" kostatzen zaie lanera itzultzea, eta "asko", berriz, %30i. Sintomak, berriz, antzekoak dira bietan; apatia, gogo galta eta tristura. Kasurik gehienetan, astebeteren buruan desagertzen dira sintomak, nahiz eta %9k hilabete igarotzen duten lanera ezin egokituta.

Opor osteko sindromeari aurre egiteko, Adeccok gomendatzen du oporraldiaren eta lanera bueltatzeko momentuaren artean trantsizio ahalik eta eramangarriena egitea, apurka-apurka berreskuratuz ohiko ordutegia, loari dagokionean batik bat. Aholkatzen du, halaber, oporrak igaro diren tokitik etxera ez bueltatzea lanean hasi bezperan, eta lanari "jarrera baikorrarekin" ekitea. Aholku horiek betetzeko, baina, bada ezinbestean bete behar den baldintza bat: lanpostu bat behar da, alegia, hori gabe ez baitago oporrik, ezta nora bueltaturik ere.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos