Landa, hiri eta industria guneen garapenaz foroa egingo du Eusko Ikaskuntzak

Gaiaren inguruko begirada desberdinak jasotzea izango da ostegun honetan Bilbon egingo den saioaren helburua

Eusko Ikaskuntzak hausnarketa egiteko beste Gizarte Foro bat antolatuko du Bilbon, ostegunean, maiatzaren 17an, eta landa, hiri eta industria guneen garapenaren inguruan begirada desberdinak jasotzea izango da helburua. Beaz foru sozietatearen egoitzan izango da topaketa, Geroa Elkar-Ekin prozesuaren baitan, eta 15.00etan hasiko da.

Eusko Ikaskuntzak duela hiru urte sustatu zuen Geroa Elkar-Ekin, eta dagoeneko 600 pertsona baino gehiago mugitu ditu. Helburua da euskal komunitateek XXI. mendean dituzten erronka eta aukera nagusien aurrean hausnartu eta gauzatzeko proposamenak lantzea, Eusko Ikaskuntzak jakinarazi duenez.

Horrela, lurralde estrategiak eta iraunkortasuna landuko dira ostegun honetako saioan, eta gaian gakoak diren eragileak egongo dira, bestea bestre, arlo sozioekonomikoko ordezkariak, politikariak eta gizarte antolatua.

Saioaren lehenengo zatian esperientziak eta ikuspegi desberdinak tartekatuko dira, eskualde, industria, landa eta hiri guneen garapenaren inguruan. Halaber, lurralde garapenean ekonomia zirkularrak duen eginkizuna landuko da. Ondoren, etorkizuneko eszenatokien inguruan lanketa egiteko talde lana egingo da.

Sozioekonomiaren alorrean garatzen den bigarren Gizarte Foroan, besteak beste, Ainara Basurko Beaz Bizkaiako zuzendari nagusia, Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganberako ordezkariak, Alfonso Martínez Cearra Bilbao-Metropoli 30 erakundeko zuzendari nagusiak eta Iñigo Ruiz de Apodaka Ekonomia Zirkularrean doktoregai eta CAFeko Sales Manager - Modernizations BU kideak parte hartuko dute.

Gizarte Foroan garatutakoak gaiak Liburu Zurian jasoko dira, eta azaroan ospatuko den Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Biltzarrean aurkeztuko da. Bertan, Eusko Ikaskuntzaren Geroa Elkar-Ekin prozesua osatzen duten bost lan eremuen proposamenak biltzen ari dira.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos