Lanbide Heziketaren onurak nabarmenduko dituzte Teknologia Parkeetan

Artxiboko argazkian, makineria LHko zentro bateko tailerretan./J. PETEIRO
Artxiboko argazkian, makineria LHko zentro bateko tailerretan. / J. PETEIRO

Batxilergoko 800 ikaslek hartuko dute parte Lanbide Heziketarako Esperientziaren Foroan antolatuko diren bisita eta hitzaldietan

Lanbide Heziketarako Esperientziaren Foroan parte hartuko duten Batxilergoko 800 bat ikaslek hartuko ditu astearte honetan, martxoak 6, Euskadiko Teknologia Parkeen Sareak. IKASLAN eta HETEL Lanbide Heziketarako elkarteekin batera antolatutako jardunaldiak ikasle gazteengan ikasketa horiekiko interesa piztea du gelburu, "etorkizun hurbilean haien lanpostuak izan daitezkeenak erakutsiz".

Honela, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Parkeek batera garatuko dute bisita eta hitzaldi programa bat, non euskal Lanbide Heziketaren "enplegagarritasun handia" izango den gai nagusienetariko bat. Gogoratuko diete, besteak beste, 140 tituluen artean batez besteko okupazioa %80koa dela, industria-zikloetan %100ekoa izanik.

"Kopuru horiek giza dimentsioa har dezaten balioko du foroak, graduatu diren zenbait ikasleren eta gaur egun ikasten ari diren beste batzuen parte hartzeari esker. Horiek azalduko dute zergatik matrikulatu ziren LHan, gaur egun Euskadiko ikasleen %50ek egiten duten bezala. Horietako batzuk, gainera, Unibertsitate titulua eskuratu eta gero matrikulatzen dira", jardunaldiaren antolatzaileek ohartarazi dutenez.

Prestakuntza duala

Horretaz gain, azalduko dute, prestakuntza dualaren bidez lantokietan praktikak egiteko aukerari esker, "etorkizuneko aurreikuspenak nabarmen hobetu zaizkiela" eta, areago, esperientzia horrek beren negozioak sortzeko prestatu dituztela. Esperientzia pertsonal horien berri izateaz gain, LHak enpresetan "zein ospe ona duen" ere egiaztatu ahal izango dute bisitan parte hartuko duten ikasleek.

Ekimena, aurten hirugarren edizioa beteko duena, Euskadiko Teknologia Parkeen Sarearen 2017-2020 Plan Estrategikoan txertaturik dago. Gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko bokazioa sustatzea da Planaren helburuetako bat. Kontuan izan behar dugu Sarean bildutako 540 enpresak euskal industria ehuneko "punta-puntako enpresak" direla, hain zuzen ere Ikerkuntza + Garapenean (I+G) egiten duten inbertsioagatik (Euskadiko gastu osoaren %42) eta, batez ere, goi eta erdi mailako titulazioetan "talentua erakartzeko" duten gaitasunagatik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos