Komunikatzeko konpetentzia, konpetentzia oinarrizkoena

Hitzezko komunikazioan jarri du arreta Elorzak/EFE
Hitzezko komunikazioan jarri du arreta Elorzak / EFE

Komunikazioaren planteamendu integrala egiten nola irakatsi eta ebaluatu landu du Itziar Elorzak EHUn eskainitako udako ikastaroan

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Komunikazioaren planteamendu integrala egiten nola irakatsi eta ebaluatu landu du Itziar Elorzak Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean eskainitako UPV/EHUren udako ikastaroan.

Komunikatzeko konpetentzia, konpetentzia oinarrizkoen zeharkako gisa definitu du Heziberri 2020 marko pedagogikoak, komunikazio-prozesuak bitartekari baitira konpetentzia sozial, kognitibo edota personal guztietan. Inguruko errealitatea zein norberaren barne-bizitza interpretatzeko, hausnartzeko, eraikitzeko eta adierazteko bidea dira askotarako lenguaiak. Hortaz, "komunikatzeko konpetentzia metadizipinarra, eskolako eragile guztion lan esparru komuna, diskurtsotik praktikara ekartzeko garaia iritsi dela" defenditu du ikastaroan Elorzak.

Hitzezko komunikazioan arreta jarriz, hezkuntza komunitateak partekatu beharreko bi zutabetan oinarritu du komunikazioaren trataera integrala:

Batetik, Europako Erreferentzia Markoaren ekintzara bideratutako hizkuntzaren ikuspegia dugu, ikuspegi komunikatibotik areago (Picardo, 2014), hizkuntzaren zentzua eta forma gizarte-ekintzaren marko orokorragoaren baitan kontsideratzen duena. Ikuspegi horretatik, eskolaren esparru sozialaren ekintzak, ikasleak orain eta hemen bizi dituen eskola-egoeretan bideratu behar dituenak, komunikazio konpetentziaren garapenerako giltzarri dira.

"Eleaniztasun holistikoaren ikuspegia" (Cenoz & Gorter, 2014) litzateke bigarren zutabea, "eskolan lantzen eta erabiltzen ditugun hizkuntza guztiak barne integratzen dituena, haien ezaugarri soziolinguistikoei erantzunez hizkuntza bakoitzari- euskarari batik bat- dagokion lekua eskainiz, baina orain arteko 'bi bakardadeen suposizioa' (Cummins, 2007) behingoz alboratuz. Benetako hezkuntza eleaniztuna behar dugu, hizkuntzei berari baino, ikaslearen beharrei begira jarriko dena, hau da, ikasleari, bere berariazko testuinguruan, hizkuntza bakoitzean –edo eta hizkuntza bat baino gehiagoetan batera- sortzen zaizkion beharrei erantzuteko bideak jorratuko dituena", argudiatu du antropologoak.

Era integralean komunikazioa irakatsi eta ebaluatu behar badugu, eskola barruko harremanetan, irakaste-ikaste prozesu orokorrean zein diziplina bakoitzeko berariazko prozesuetan sortzen diren ekintza arketipikoen hizkuntza adierazleak identifikatu (hizkuntza batean zein besteetan) eta ikasleen eskura jarri beharko ditugu Elorzaren ustez, haien jabekuntzarako laguntza sistematikoa eskainiz: "eskaintzen dioguna ulertzeko laguntza, hori elkarrekintzan prozesatzeko laguntza eta norbere pentsamendua eraikitzeko eta adierazteko laguntza".

Bereziki, hizkuntza akademikoa garatzen lagundu behar zaie ikasleei, "hizkuntza aldamiatu (Gibbons, 202) behar dugu, euskarri lagungarrien 'tresna-kutxa' behar dugu, hizkuntza guztietarako komuna dena, batetik bestera transferigarria izango dena eta irakasle bakoitzak ikasleen beharren arabera hizkuntza batean ala bestean baliatuko duena". Honako elementuek osatuko lukete hizkuntza akademikoa aldamiatzeko 'tresna-kutxa' komuna:

Prozedurak eta estrategia didaktikoak:

-Irakasleek eskaintzen duten inputa guztiontzat ulergarria egiteko.

-Ikasleei edukia (elkarrekintzan) prozesatzen eta pentsamendua adierazten laguntzeko.

-Gela barruko prozesu sozialen hizkuntza adierazleak: Irakaskuntza-ikaskuntzako ohiko harremanak, errutinak, instrukzioak…

-Prozesu kognitiboen hizkuntza adierazleak: Konparatu, sailkatu, deskribatu… nola adierazten dira funtzio horiek ingelesez/euskaraz/gaztelaniaz?

"Komunikazioaren konpetentziaren lanketan ez gara hutsetik abiatzen, batzuk eta besteek esparru askotarikoetan egindako ibilbide oparoa aintzat hartuta, ditugun baliabideak bildu, falta direnak sortu eta elkarrekin, era sistematikoan, operatibizatzeko garaia iritsi da", ondorioztatu zuen.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos