Kirol munduan euskara sustatzeko ekimena

Kirolariz inguratuta aurkeztu du egitasmoa Zupiria sailburuak./IREKIA
Kirolariz inguratuta aurkeztu du egitasmoa Zupiria sailburuak. / IREKIA

'Euskal kirolari' proiektuak gazteengana heldu nahi du bereziki, eta puntako kirolariak erabiliko ditu horretarako

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskal Kirolari proiektua jarri du martxan, kirol munduan euskararen erabilera sustatzeko asmoz, bereziki gazteen artean. Eremu digitalean eta sare sozialetan batik bat garatuko den proiektuak puntako kirolariak erabiliko ditu "amu" gisa, kirolaren munduan euskara indartzeko.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkeztu du ostegun honetan, Bilbon, Euskal Kirolari proiektua, egitasmoan lagundu duten zenbait kirolarirekin batera, besteak beste, Mikel Landa txirrindularia, Nerea Perez arraunlaria eta Julen Goia errugbi jokalaria.

Egitasmoan parte hartu duten kirolariek zenbait bideo grabatu dituzte, euskararekin duten harremana azalduz edo beren kirolari loturiko euskarazko terminologia argituz. Grabaketak tonu informalean eta era dinamikoan landu dira, eta kirol federazioetan, klubetan eta ikastegietan zabalduko dira, euskararen erabilera sustatzeko erreminta berritzaile bat eskaintze aldera.

Proiektuaren hasierako edizioak bost bideo dakartza, eta zazpi kirolarik parte hartu dute. Horietan, Mikel Landak txirrindularitzaren euskal hiztegia menderatzen duela agerian uzten du, eta gauza bera egiten du, beste bideo batean, Julen Goia errugbi jokalariak. San Juan Koxtape Arraun Elkarteko patroi Nerea Perezek bere bideoan azaltzen duenez, euskara da hizkuntza nagusia bere traineruan.

Iñigo Martinez Realeko jokalariak dioenez, "euskara sasoi betean" dago txuri-urdinen aldagelan. Ondarroako atzelaria Athleticeko Kepa Arrizabalagarekin batera ageri da bideoan, eta atezainak zurigorrien arteko euskararen erabilerari buruzko pasadizoren bat azaldu du bere txandan. Beste bideo batean, Aritz Aranburu surflariak eta eskubaloi jokalari ohi Matxalen Ziarsolok euskarari buruz eta olatuekiko duten zaletasunaz hitz egiten dute.

Elkarrizketa guztietako arduraduna Gaztea irratiko Egoitz Txurruka 'Txurru' esataria izan da, eta aurkezpenean proiektuaren xehetasunak eman ditu. Bere alboan Nerea Perez, Mikel Landa eta Julen Goia egon dira. Jose Angel Iribar ere aurkezpenean izan da, Athletic Club taldearen izenean, bai eta Real Sociedad taldeko batzordekide Nekane Soria ere. Proiektua garatu duen IKOM enpresako arduradun Izaro Iraetak ere aurkezpenean parte hartu du.

Terminologia hedatzea

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu duenez, "belaunaldi gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, baina ezin da ahaztu eremu soziolinguistiko batzuetan zailtasunak dituztela". Bere hitzetan, "erakundeen betebeharra da lanean jarraitzea aukera, erraztasun eta erreminta gehiago eman ahal izateko gazteei euskaraz bizi daitezen, baita eremu informaletan ere, aisialdiaren edo kirolaren eremuetan".

Euskal Kirolari proiektuaren xedea da, lehenik, kirolaren erreferentziazko pertsonak agertzea euskaraz bizitzearen alde egin duten apustua argi utziz, baina baita kirol diziplina ezberdinei loturiko terminologia hedatzea, gazteen artean batez ere.

"Euskarazko terminologia oso hedatua duten kirolak badaude, baina euskararen hedatzea askoz ere mugatuagoa da beste diziplina batzuetan. Gazteek beren kiroletako terminologia ezagutzea da proiektuaren helburuetako bat, askotan erdara hutsean dagoen unibertso bat topatzen baitute. Euskararen normalizazioan pauso berriak eman nahi ditugu, motibazioaren, ezagutzaren eta erabileraren bidez", azaldu du sailburuak.

Hori lortze aldera, proiektuaren hedapena bilatuko da klubetan, kirol federazioetan eta ikastegietan. Horrekin batera, ekimenaren bidez beste bultzada bat eman nahi zaio Jaurlaritzak eta Elhuyarrek garatutako hiztegi terminologikoei (horietako batzuk kirol zehatzen inguruan egin ziren).

Kirolari ezagunekin egindako bideoek formatu ezberdinetan landu dira, helburuen arabera: "pilulak" (azalpen praktikoak kirol diziplina ezberdinen inguruan), "gertutik" (kirolariak hurbiletik ezagutzeko formatua), "erronka" (kirolariak elkarren arteko lehian jarriko duen atal bat) eta "autoan" (Txurru kirolarien autoan sartuko da gai ezberdinen inguruan hitz egingo du).

Lehenengo bost bideoak 2017ko azken asteetan eta 2018ko lehenengoetan zabalduko dira, eta proiektuak jarraipena izango du datorren urtean zehar protagonista berriekin. Bideoak Euskal Kirolari proiektuaren Youtubeko kanalean kontsultatu ahal izango dira, honen inguruan sortutako sare sozialetan (Facebook eta Instagram) eta www.euskalkirolari.euskadi.eus webgunean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos