Kirol albisteen %10 baino gutxiagok erreparatzen diote emakumezkoen kirolari

Aurkezpenean parte hartu duten kideak, Izaskun Landaida eta Bingen Zupiria tartean direla./IREKIA
Aurkezpenean parte hartu duten kideak, Izaskun Landaida eta Bingen Zupiria tartean direla. / IREKIA

Kirolean dagoen berdintasun eza "ageriko errealitatea" dela eta aurre egitea instituzioei dagokiela dio Jaurlaritzak

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak 'Kirol erakundeak: genero ikuspegian pentsatu eta onurak sortu' jardunaldia inauguratu dute ostegun honetan, Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon. Berdintasunerako Foroaren barruan antolatu da topaketa, eta helburua da Euskadin kirolak bizi duen egoerari buruz genero ikuspegitik hausnartzea. Kirolariek, klubek eta enpresa babesleek parte hartuko dute, eta Jaurlaritzak 'Euskadiko federazio esparruan berdintasuna lantzen' gida aurkeztuko du.

Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak eta Emakundek antolatu dute jardunaldia, emakumeak eta genero ikuspegia kudeaketa eremu eta erabakiak hartzeko eremu guztietan presente izatea, "justizia kontua ez ezik, erakundeetan bertan ere eragin positiboa duen onura soziala ere badela azaltzeko". Zupiria sailburuak adierazi du berdintasun eza kirolaren esparruan ez dela hautu bat, baizik eta "ageriko errealitatea", eta egoera horri aurre egitea instituzioei dagokiela nabarmendu du, "aitzakiarik gabe".

Horrela, azaldu du Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren helburu estrategikoetako bat dela kirol eremuan berdintasun erreala sustatzea. Esan duenez, Jaurlaritzak irailean aurkeztutako 'Jarduera Fisikoa eta Kirola 2017' ikerlanak "argi erakutsi zuen kirol jarduerari dagokienez dagoen arrakala emakumezkoen eta gizonezkoen artean". Ikerlanaren arabera, 13 puntuko aldea dago: gizonen %70ek eta emakumeen %57k egiten dute kirola.

Arreta txikia

Era berean, 2016an Jaurlaritzak sustatutako beste ikerketa baten arabera, kirol albisteen %10 baino gutxiagok erreparatzen diote emakumezkoen kirolari. "Berdintasun eza kirolaren esparruan ez da hautemate bat, baizik eta ageriko errealitate bat. Instituzioetan gaudenoi dagokigu honi aurre egitea, aitzakiarik gabe", ziurtatu du.

Bestalde, Landaidak nabarmendu du "behar-beharrezkoa" dela genero politika jarduera fisikoaren eta kirolaren kudeaketa politikan sartzea. "Adin eta baldintza guztietako emakumeak eremu eta maila guztietan sartzeko, parte hartzeko eta ordezkatzeko erabateko berdintasuna bermatu behar da: kirolari izateko, baina baita kudeatzaile, zuzendari, entrenatzaile, teknikari, epaile eta abar izateko ere, eta, horretarako, besteak beste, eskola eta kirol eremuetan baterako hezkuntzako estrategien erabilera sustatu behar da, neska-mutilak edozein jarduera motatan sartzeko, normaltasunez", esan du.

Halaber, nabarmendu du "beste pauso bat" eman behar dela kirolaren "benetako esanahia" berreskuratzeko. Bere hitzetan, "ez da nahikoa bermatzea emakumeek kirola berdintasunean egin dezaketela. Gaur egun kirolaren munduan dauden balio batzuk berriz planteatu behar dira, izan ere, ez dute batere zerikusirik kirolaren benetako balioekin, esaterako, errespetuarekin, gainditzearekin eta ahaleginarekin".

Adibide praktikoak

Jardunaldian zehar genero ikuspegi hori sartzeko apustua egin duten eta hura sartzeak ekarri dizkieten onurak ezagutu dituzten talde eta norbanakoen adibide praktiko batzuk ikusi dira. Zupiriak eta Landaidak aurkezpena egin ondoren, Silvia Muriel aholkulariak jarraitu du, "Nola eskubide bat oraindik urrun dagoen... nahiz eta kirolean ere eragin positiboak izan" hitzaldiarekin.

Gero, hainbat kirol eremutako pertsonek kirol eremuan genero ikuspegia sartzearekin lotutako esperientziak azaldu dituzte. Horrela, Gipuzkoako Surf Federazioko June Torrealdaik eta Elisabeth Tomasek 'Emakumeak surflari' programaren eragin positiboa azaldu dute. Halaber, Raquel Lopezek eta Arantzazu Olazabal Zarauzko emakume korrikalarien taldearen esperientziaren balioa nabarmendu dute, eta Xabier Arrietak Bizkerre Futbol Taldearen proiektua azaldu du.

Hitzaldien bigarren blokean, Rocio Ybarra Basque Team egitasmoak lagundutako hockey jokalaria izan da, baita Nosotras Deportistas elkarteko Maravillas Aparicio eta Lacturale enpresako Juanma Garro ere; Garrok emakumezkoen babesen inguruan hizketan.

Azkenik, Dorleta Ugalde Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzako teknikariak Jaurlaritzak argitaratu duen 'Euskadiko federazio esparruan berdintasuna lantzen' gida aurkeztu du. Berdintasuna kirol federatuan bultzatzeko "tresna eraginkor berria" izan nahi du gidak.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos