Borrar
Artxiboko argazkian, unibertsitateko ikasgela bat. EFE
Kanpoko gurasoak dituzten 100 gaztetatik 5ek bukatzen dute soilik unibertsitatea

Kanpoko gurasoak dituzten 100 gaztetatik 5ek bukatzen dute soilik unibertsitatea

Kopurua hirukoiztu egiten da bertako gurasoak dituzten gazteak aintzat hartzen badira, Immigrazioaren Euskal Behatokiaren otsaileko 'Begirada'-k agerian utzi duenez

Jueves, 1 de marzo 2018, 15:47

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Aukera berdintasuna bermatzen omen du gure gizarte aurreratu eta aurrerakoi honek. Datuek, haatik, ageri-agerian uzten dute aukerak ez direla berdinak guztientzat, eta gaztetatik baldintzatzen duela pertsonaren ibilbidea gurasoen jatorriak. Horixe erakusten du bederen Inmigrazioaren Euskal Behatokiaren otsaileko 'Immigrazioari begirada' txostenak. 'Atzerritarren ondorengo diren gazteak EAEn: (oker izendatutako) bigarren belaunaldiak' lanak, 2011ko Biztanleria eta Etxebizitza Erroldak emandako datuak baliatuz, atzerritarren ondorengo diren gazteen erretratua egin du, zenbat eta nolakoak diren azalduz eta, horrekin batera, haien egoera bertako gurasoak dituzten adin bereko gazteekin alderatuz.

'Bigarren belaunaldi' kategoria gurasoetako bat gutxienez atzerritarra izanda EAEn jaiotako gazteentzat eta 4 urte edo gutxiago zituztela familia berriro elkartzearen ondorioz etorritakoentzat utzi dute, eta beste hiru sortu dituzte, "EAEn jaiotako eta sozializatutako ondorengoen eta herrialde hartzailean sozializatu ez direnen arteko desberdintasunak direla-eta". 'Belaunaldi misto' kategoria sortu dute 5-11 urte zituztela berriro elkartutako pertsonentzat, eta beste bi, adinaren arabera bereizituak, 12-15 urte zituztela berriro elkartutako gazteak eta 16 urtetik gora zituztela elkartutakoak sailkatzeko. Azken bi kategoria horiek 'ia migratzailetzat' hartzen dira.

Kopuruari dagokionez,2011. urtean EAEko gazteen % 15,9 atzerritarren ondorengoak ziren; 76.914 pertsona, alegia. Gazteen kolektiboa zehatz-mehatz aztertuz gero, bigarren belaunaldia deritzon kolektiboa da ugariena: atzerritarren ondorengoak diren gazteen % 60,6 (46.609 pertsona) EAEn jaio dira edo, familia berriro elkartzearen ondorioz, 4 urte edo gutxiago zituztela etorritakoak dira. Bestalde, % 17,7 (13.605 pertsona) 5-11 urte zituztela berriro elkartutakoak dira, eta % 21,7 EAEra iritsi ziren 12 urte edo gehiago zituztela.

Gazte horien artean espainiar nazionalitatea gailentzen da, % 42,7 baitira espainiar nazionalitatea dutenak. Horien % 93,3 Espainiako estatuan jaiotakoak dira, edo 4 urtetik beherakoak zirela etorri ziren, familia berriro elkartzearen ondorioz; hau da, bete-betean har daitezke bigarren belaunalditzat. Gainerako nazionalitateei erreparatuta, marokoarrak du pisu handiena (% 8,4), gero errumaniarrak (% 7,6), baita Latinoamerikako zenbait nazionalitatek ere: Kolonbia(% 5,8), Bolivia (% 5,1), Ekuador (% 4,1)…

Gurasoen 'giza kapitala'

Deskribapenaz harago doa, baina, Immigrazioaren Euskal Behatokiaren lana, eta atzerritarren ondorengoak diren gazteen hainbat ezaugarri azaltzeaz gain bertakoen kolektiboarekin alderatu dituzte, gurasoen 'giza kapitaletik' abiatuta. Hain zuzen ere, "gurasoen giza kapitala funtsezkoa da atzerritarren ondorengoen dinamikak ulertzeko; izan ere, hainbat egileren arabera, zenbat eta handiagoa izan gurasoen giza kapitala, hainbat eta handiagoak izango dira seme-alaben aukera eta helburuak", diote. Gurasoen giza kapitala aztertzeko ikasketa-maila eta lan-egoera aztertu dituzte. Kasu guztietan, bertako gurasoen ikasketa maila kanpotik etorritakoena baino altuagoa da. Aitaren kasuan, bertakoen % 65,8k eta jatorri atzerritarra dutenen % 59,6k bigarren mailako ikasketak dituzte. Oro har, jatorri atzerritarra duten gazteen gurasoen artean ikasketarik egin gabeko pertsonen portzentaje handiagoa dago, eta bertakoen gurasoen artean, berriz, unibertsitate mailako ikasketak egin dituztenen portzentajea handiagoa da.

"Gurasoen lan-egoera ere garrantzi handikoa da bigarren belaunaldien fenomenoa ulertzeko", dio lanak, nabarmenduz bi kolektiboen arteko desberdintasun handiak ikusten direla. Okupazioari dagokionez, "bertako gurasoak dituzten gazteen artean, aiten % 86,6k adierazi dute okupatuta daudela. Alabaina, jatorri atzerritarra duten gazteen aitei erreparatuz gero, zenbatekoa nabarmen txikiagoa da: okupazio-tasak % 65,9koak dira". Portzentaje horiek txikiagoak dira emakumeen kasuan, baina hala ere mantentzen da aldea: okupazio-tasa % 69,8koa bertako emakumeen artean eta % 50koa jatorri atzerritarra duten emakumeen artean. Horren ondorioz, langabezia-tasa handiagoa da jatorri atzerritarra duten gazteen aiten eta amen artean (% 26,1 eta % 31,6 hurrenez hurren); bertako gurasoak dituztenen kasuan berriz, aiten % 7,5 eta amen % 19 daude lanik gabe.

Eta badirudi hasierako desberdintasun horiek gainditzea zaila dela, oinordekotzan-edo jasotzen dela maila apalagoa hezkuntza eta lana bezain arlo garrantzitsuetan. Bertako gurasoak dituzten 16-24 urteko gazteen erdiak baino gehiagok (% 51,4) bigarren mailako ikasketak egin dituzte, eta % 15ek unibertsitateko ikasketak amaitu dituzte. Alabaina, atzerritarren ondorengoak diren eta adin-tarte berean dauden pertsonen artean, erdia baino gehiago dira lehen mailako ikasketak soilik egin dituztenak (% 58) eta unibertsitateko ikasketak amaitu dituztenak % 5,4 dira. Bataz bestekoa hori izanik, alde handiak daude atzerritarren ondorengoak diren gazteen artean. Espainian jaio direnak edo familia berriro elkartzearen ondorioz 4 urte bete aurretik etorritakoak dira hezkuntza maila altuagoak dituztenak: % 44,5ek bigarren mailako ikasketak egin ditu, eta % 9,5ek, berriz, unibertsitateko ikasketak. 5-11 urte zituztela EAEra etorritakoek ere maila handiagoko hezkuntza izan dute 12 urte edo gehiago zituztela etorri zirenekin alderatuta. Eta horrek, jakina, eragin argia izango du gazte horien ibilbide profesional eta pertsonalean.

Familia mota desberdinak

17-24 urte bitarteko gazteen jarduerari erreparatuta, jatorri atzerritarra izan edo ez izan, bi kolektiboetako gazte gehienak "beste egoera batean" daude, "seguruenik ikasketak egiten, baina baita lan-merkatuan ere". Portzentaje hori askoz ere handiagoa da bertako gazteen artean. 17-24 urteko pertsona okupatuei dagokienez, bertakoen % 19,4 landunak dira, eta atzerritarren ondorengoak diren gazteen artean zertxobait handiagoa da landunen portzentajea (% 22,1). Desberdintasun hori alderantzizkoa da gazte langabeei erreparatuz gero: lehen lanaren bila dabiltzan langabeen portzentajeak handiagoak dira atzerritarren ondorengoak diren gazteen artean (%16,9), bertako gurasoak dituztenen artean baino (%9,1). Paretsu gelditzen da, ordea, lanean ibili ondoren lanik gabe gelditu direnen kopurua aintzat hartzen bada, bi puntuko aldea baitago bakarrik (%12/%10).

Familia tipologia ere aztertu dute. Bertakoen kasuan, gehientsuenak, %76,8, bizi dira bi guraso eta seme-alabak (horietako bat 25 urtetik beherakoa) dituzten familietan. Soilik % 11,4 bizi dira guraso bakarreko familietan, 25 urtetik beherako seme-alabaren bat dutela. Eta are gutxiago (%8,9) bikotea edo aita/amaz eta 25 urtez azpiko seme-alabaz gain beste pertsona batzuek osatutako taldean.

Atzerritarren ondorengoak diren gazteen kasuan ere aurreneko tipologia -bi guraso eta seme-alabak- da nagusi, baina ez hain modu nabarmenean, %51,7 bizi baitira egitura hori duten familietan. Deigarria da bikotea edo aita/ama, 25 urtez azpiko seme-alaba eta beste pertsona batzuk osatzen duten familian bizi diren jatorri atzerritarreko gazteen kopurua, ia %25era iristen baita. Aldiz, guraso bakarrarekin bizi direnak %11,4 dira. 'Beste etxegune mota batzuk' kategoriak osatzen du ehunekoa. Ez dira mota horiek zehazten, baina horrela bizi dira atzerritarren ondorengoak diren gazteen %9,2 eta bertakoen %2,9.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios