Jende gutxik dauka oporretan laneko kontuak erabat alboratzeko gaitasuna

Etxera bueltatzeko ordua iritsi da oporretan izan diren askorentzat./DV
Etxera bueltatzeko ordua iritsi da oporretan izan diren askorentzat. / DV

%39 bakarrik askatzen dira lotura horretatik. Horretarako, etxetik urruntzen dira, telefonoa itzaltzen dute eta ez diote kasurik egiten posta elektronikoari

M

Negoziazioaren azken errondetan dagoen Frantziako Lan Kodearen erreforma eztabaidatuak langileen eta enpresen jarduera aldatuko duten puntu asko ditu, baina batek eman du bereziki atentzioa Frantziatik kanpo: enpresak behartzen dituena langileak bakean uztera, telefono dei edo mezurik gabe, lan-saioa amaitutakoan, jaiegunetan eta oporretan. Gailu digitalek, hain zuzen, neurriz (eta soldataz) kanpo luzatu dituzte lanari emandako orduak, eta une oro lokalizagarri egoteak asko aldatu ditu lan harreman eta baldintzak.

Agian horrelako neurriak ezarrita lortuko da lanarekiko deskonexioa lanorduetatik kanpo, baina momentuz urruti dagoela dirudi. Gazteentzako enpleguan espezializatutako Unibersia-Trabajando.com plataformak egin berri duen inkesta baten arabera, oso jende gutxik du oporretan dagoenean laneko kontuak erabat ahazteko gaitasuna.

Inkesta 1.700 lagunen artean egin dute, jakiteko zein neurritan baldintzatzen duten teknologia berriek oporretan lanarekiko loturak eteteko gaitasuna. Eta ondorioa da asko baldintzatzen dutela, inkestari erantzun diotenen %45ek esan baitute aro digitalean askoz ere zailagoa dela deskonektatzea. Beste %35ek diote, gainera, zailtasun horren ondorioz ahalegin berezia egin behar dela, ikasi egin behar dela harreman berri horiek kudeatzen eta loturak eteten. %17k uste dute soilik ez dela lehen baino zailagoa.

Hori teoriari dagokionez. Praktikan, 10etik 4k daukate gaitasun hori eta diote erabat deskonektatzen dutela. Ia beste horrenbestek, 10etik 3k, bizi-bizirik mantentzen dituzte lanarekiko loturak oporretan, eta gelditzen direnek erdizka baino ez dute deskonektatzen.

Lanaren itzaletik urrundu eta aisialdiaz gozatzea lortzen dutenek diote hori lortzeko etxetik urruntzen direla (%28), telefono mugikorra itzaltzen dutela (%21) eta ez diotela kasurik egiten posta elektronikoari (%19). Badira %32 hiru neurriak aldi berean aplikatzen dituztenak. Horiek dira, jakina, erabat deskonektatzen dutenak.

Zein faktorek eragiten giote, hortaz, deskonekxioari? Emaitzen arabera, parte-hartzaileen %50ek lanari lotuta jarraitzeko duten aitzakia euren ardura profesional handiada; %42k, berriz, aitortzen dute lanarekiko adikziopuntu bat, eta %8ren arrazoia da kanpoan den bitartean bere lana egiten duen ordezkoarekin ez fidatzea.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos