Jateko moduan dauden 24.000 tona janari zaborretara doaz astero

Alferrik galtzen utzitako janariak, zabortegian./REUTERS
Alferrik galtzen utzitako janariak, zabortegian. / REUTERS

Kopuruak handia izaten jarraitzen badu ere, %6 murriztu zen xahuketa 2016an

N. AZURMENDIDonostia

2015eko urritik 2016ko irailera, jateko moduan zeuden 1.245,9 milioi kilo janari bota ziren zaborretara Espainiar estatuko etxeetan. 24.000.000 kilo astean. 24.000 tona. Datua Espainiako Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eman du, 'Informe del consumo de alimentación en España' txostenean.

Kopuruak izugarri handia ematen badu ere, badirudi areagotzen doala janari-xahuketaren kontrako kontzientzia, aurreko urtean baino 80 milioi kilo gutxiago bota baitzieren: %6 gutxiago. Etxez etxeko kalkulua eginez gero, erosten diren janari eta edarien %4 botazen dugu zaborretara, nahiz eta jateko edo edateko moduan egon.

Xahututako 1.245,9 milioi kilo (eta litro) horietatik gehienak (%85,6), erosi ziren bezalaxe botatzen diren produktu freskoak dira, sukaldatu gabeak. Gainerako 179,8 milioi kiloak (%14,4), etxean bertan kozinatutako platerei dagozkie. Azken kategoria horretan sartzen dira platerean gelditzen diren hondarrak zein hozkailuan prestatuta utzi eta, azkenean, kontsumitu gabe botatzen diren janariak.

Fruta da errazen botatzen dena: 343,6 milioi kilo urtean. Jarrera orokorra hondakina murriztea bada ere, ez da horrelakorik gertatu frutarekin, aurreko urtean baino 30 milioi kilo gehiago bota baitziren zaborretara 2016an, %9,6 gehiago. Ondoko grafikoan ikus daitekeenez, ondorengo postuetan datoz barazkiak, esnekiak, edariak, ogia eta haragia.

Xahutzearen zenbakiak, 'Informe del consumo de alimentación en España' txostenaren arabera. / N.A.

Frutaren kasuan izan ezik, gainerako produktu guztietan murriztu egin da xahuketa, batez ere barazkien (15,4 milioi kilo gutxiago); zopa/pure eta salden (10,5 milioi kilo gutxiago); edarien (10,3 milioi kilo gutxiago) eta esnekien (9,9 milioi kilo gutxiago) kasuan.

Ikerketak erakutsi du, aurreratu bezala, erosten den janariaren %4,3 botatzen dela, produktu mota batzuetan portzentajea askoz ere altuagoa delarik. Erabili edo bukatu gabe gehien botatzen diren produktuak dira prestatuta erosten diren saltsak (%19,1) eta zopa/pure eta saldak (%16,8).

Etxean sukaldatutako janariekin portaera gero eta arduratsuagoa dela dirudi, %6 murriztu baita urte batetik bestera zaborretara botatzen den kopurua. Hala ere, 179,8 milioi kilo hondakin zenbatu ziren 2015eko urritik 2016ko irailera (2014-15 aldian baino 11,5 milioi tona gutxiago).

Zaborretara gehien botatzen diren errezeta sukaldatuak lekaleak dira (35,7 milioi kilo). Osagai nagusia haragia (24,3 milioi kilo), zopa/pure eta saldak (23,4 milioi kilo), barazkiak (17,4 milioi kilo) eta pasta (17,1 milioi kilo) duten errezetek osatzen dute zerrenda. Haragi eta barazkietan oinarritutako errezeten kasuan izan ezik, gainerako guztietan murriztu egin zen hondakinen kopurua.

Plater zehatzei erreparatuz gero, honako menu hau osatuko lukete, hurrenkera horretantxe, gehien alferrik galtzen diren errezetek: dilistak, garbantzuak, patata-tortilla, entsalada berdea eta patata frijituak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos