Izenekin malguago joka dezan eskatuko dio Euskaltzaindiak Justizia Ministerioari

2016 urtean asko kostatu zitzaien Ignacio Javierre eta María Hernándezi semeari Lobo izena jartzea. /EFE
2016 urtean asko kostatu zitzaien Ignacio Javierre eta María Hernándezi semeari Lobo izena jartzea. / EFE

Akademiak gogoratu du "erakunde aholku emaile ofiziala denez, legeriaren arabera jokatu behar duela izendegiari dagokionez"

M. IMAZ

Espainiar Estatuan, 1957an onartu eta indarrean 1959an sartu zen lege batek finkatzen du zein diren, edo nolakoak izan behar duten, jaioberri bati jar dakizkioken izenak. Tarteka aldatua eta eguneratua izan den Erregistro Zibilaren Legeak mugatzen ditu, beraz, gurasoek seme-alabak izendatzeko orduan dituzten aukerak. Maiz arazoak ere sortzen dira, legearen, Erregistro Zibileko arduradunen eta gurasoen ikuspegiak ez datozelako bat.

Euskarazko izenen kasuan, zalantzarik edo arazorik izanez gero Euskaltzaindiaren pertsona-izenen zerrendak jo behar dira erreferentziazko dokumentutzat. Bi daude, 'Emakumezkoen ponte-izenak' eta 'Gizonezkoen ponte-izenak', orain aste batzuk eguneratuak biak.

"Izenak proposatzean kontuan izan dira hizkuntzarekiko egokitasuna, izen-eramaileari zor zaion duintasuna eta beharrezkoa den sexu bereizketa. Baldintza hauetatik azken biak espresuki adierazten ditu indarrean dagoen Espainiako legeriak. Halaber, aintzat hartu da legeak gurasoei –edota, dagokienean, adinez nagusiei– izena hautatzeko ematen dien askatasuna. Hortaz, hautaketa egin aurretik, izen desegokiak saihestu ahal izateko informazioa eskaintzea ere lortu nahi izan da izendegi honekin", dio Euskaltzaindiak bere web gunean.

Aukera oso zabala izanagatik, baina, badira bestelako proposamenak dituzten gurasoak, baita semea edo alaba gogoko duten izenaren inskribatzea lortzen ez dutenak ere. Esate baterako, duintasunaren aurkakoak izan daitezkeen izenetara heldu gabe, mutiko bati emakumezkoen izenen zerrendan dagoen bat jarri nahi diotenak. Maiz une horretan Erregistroan dagoen langile publikoaren irizpidearen araberakoa izaten da erabakia, baina egoera deserosoak ez dira ezohikoak.

Esan bezala, Legea joan da errealitatera egokitzen, baina badaude oraindik puntu nahasgarriak. Esaerako, arauz kanpokotzak-edo jotzen dituena "...los (nombres) que hagan confusa la identificación y los que induzcan a error en cuanto al sexo". Hori denez arazo gehienen jatorria, Akademiak uste du arindu daitezkeela malguago jokatuta. Bere aldetik, behar izanez gero, "berehala egingo lituzke egin beharreko aldaketak".

Baraiazarraren aurrekaria

Hori dela eta, Euskaltzaindiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Akademiak "harremanak gauzatuko ditu Espainiako Justizia Ministerioarekin, euskal izendegiarentzat bestelako bideak asmatzeko", eta eskatuko dio "malguago joka dezan euskal izendegiarekin". Ohar berean gogoratu du Euskaltzaindiak, "erakunde aholku emaile ofiziala denez, legeriaren arabera jokatu behar duela izendegiari dagokionez, Erregistro Zibilarekiko ahalmenak Akademiatik kanpo baitaude".

Hasiera batean, gutun baten bidez luzatuko dio eskaera Rafael Catalá buru duen Ministerioari. Aurretik ere egin izan dizkio mota horretako eskaerak Euskaltzaindiak Espainiako gobernuari. Esate baterako, 2016. urtean Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzainari Itzulpen Onenaren Sari Nazionala eman eta kendu ziotenean. Orduko hartan, sariaren oinarri-arauak aztertu eta aldatzeko proposamena egin zion Euskaltzaindiak Iñigo Méndez de Vigo Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroari. Gogoratu behar da Baraiazarrari Itzulpen Onenaren Sari Nazionala eman ziotela 2016ko azaroaren 3an, Santa Teresa Jesusenaren idazlan guztiak euskaratzeagatik; baina, egun horretan bertan, Kultura Ministerioak balio gabe utzi zuen erabakia, itzulpenak Ministerioak berak aurretiaz ezarritako oinarri-arauak betetzen ez zituelako.

Hilabete batzuk geroago, Akademiari kasu egin eta Sari Nazionalaren oinarri-arauak aldatu zituen Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak, aurrerantzean, gaztelaniatik Estatuko beste hizkuntza ofizialetara, hots, katalanera, galegora edo euskarara eginiko itzulpenak sarituko zirela aginduz; eta alderantziz, berdin.

Gizartearen premietara egokitu

Orain, dio Euskaltzaindiak, "antzerako bidetik ekin nahi dio Akademiak, eta Espainiako Justizia Ministerioari eskatuko dio malguago joka dezan euskal izendegiarekin. Euskaltzaindiak, erakunde aholku emaile ofiziala denez, legeriaren arabera jokatu behar du izendegiari dagokionez, Erregistro Zibilarekiko ahalmenak akademiatik kanpo baitaude. Berez, Akademiak egiten duena zera da: euskararen ikuspegitik onargarri eta erabilgarri izan daitekeen izendegia etengabe moldatzen joan, Onomastika Batzordearen eskutik. Modu horretan eusten die Euskaltzaindiak euskararen batasunari eta euskarak tokian tokiko dituen errealitateei".

Nolanahi ere, "Euskaltzaindiak badu bere hur-hurreko asmoen artean harremanak gauzatzea Espainiako Justizia Ministerioarekin, euskal izendegiarentzat bestelako bideak asmatzeko eta, euskararen ezaugarriak kontuan hartuz, oraingo legeriaren edukia malgutzeko". "Helburua gizarteari adi egotea da eta, ahal den neurrian, Akademiaren emaitzak gizartearen premiei egokitzeko", adierazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos