Izena emateko epea, zabalik

Edonork eman dezake izena hilaren 27a arte, baina parte-hartzaileak aurretik finkatutako irizpide soziolinguistikoen arabera hautatuko dira

'Mingaia dantzan' udalekuak uztailean egingo dira, Berrizko (Bizkaia) Olakueta aterpetxean. Hamar eguneko bi txanda egingo dira: aurrenekoa uztailaren 4etik 13ra, eta bigarrena uztailaren 16tik 25era. 'Euskaraz eta euskararekin dibertitzeko udaleku' horietan EAEko DBH1 eta DBH2ko ikasleek har dezakete parte. Izena emateko epea apirilaren 13an zabaldu zen, eta hilaren 27an itxiko da.

Izena ekimenaren webgunean eman behar da. Eskaera guztiak jasotakoan, antolatzaileek eskatzaileen profilak aztertu eta taldeak osatuko dituzte. Aurreneko txandan, esan bezala, eremu soziolingustiko desberdinetatik etortzeagatik euskararekin harreman diferentea duten neska-mutilak nahastuko dira. Bigarren txandan aukeraketa irizpide nagusia etxeko hizkuntza izango da, ikusteko nola eragiten dion faktore horrek euskararen erabilerari.

Edozeinek eman ahal izango du izena, baina deialdia egiterakoan, taldeak osatze aldera, herri eta ikastetxe jakinetara joko da, eta horietan lanketa berezia egingo da bilatzen diren ezaugarri horietako udalekuak egingo direla bermatu ahal izateko.

Parte-hartzaileen behin betiko zerrenda maiatzaren 4an osatuko da, eta egun horretantxe jakingo dute hautatuek zer egin behar duten izen-ematea berresteko. Guztira 60 gazte aukeratuko dira, 30 txanda bakoitzeko.

Prezioei dagokienez, matrikula arrunta 150 eurokoa da (105koa familia ugariko kideentzat, eta 75koa ugari berezientzat). Udalekuetan garatuko diren jarduerei dagokienez, «kirol ekintzak, naturarekin harremana, ekintza musikalak» eta beste iragarri dituzte antolatzaileek.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos