Iparralde eta diasporako gazteek euskarAbenturan izen emateko epea luzatu dute

Miren Amuriza bertsolaria literatur sorkuntzaz ariko da espedizioan/Michelena
Miren Amuriza bertsolaria literatur sorkuntzaz ariko da espedizioan / Michelena

Euskal Herriko txoko desberdinetako 130 gaztek eman dute izena lurraldea zeharkatuko duen espedizioan parte hartzeko, uztailaren 1etik 31ra

130 gazte baino gehiagok eman dute izena EuskarAbentura espedizioan. Parte hartzeko epea martxoaren 18an itxi zen, baina espedizionario taldea borobiltzeko Iparralde eta diasporako gazteek bigarren aukera bat izango dute izena emateko: apirilaren 8ra arte. Apirilaren 16an espedizioa osatuko dutenen izen-abizenak argitaratuko dira.

Bien bitartean abentura osatzen doa eta Asisko Urmeneta, Kike Amonarriz, Miren Amuriza, Odei Barroso, Jon Maya, Ximun Fusch eta Ander Lipusek, besteak beste, euren partaidetza ziurtatu dute. Babesle eta laguntzaileen zerrenda ere zabalduz doa.

Euskal Herriko txoko desberdinetako 130 gaztetik gora eman dute izena EuskarAbenturan. Askotariko lanak bidali dituzte: rapak, idatzi historikoak, bertsoak, bideoak, kantak, marrazkiak… baita diziplina ezberdinak uztartzen dituztenak ere. Datozen egunotan EuskarAbentura elkarteko kideek proiektu guztiak ebaluatu eta parte-hartzaileen hautaketa egingo dute, Eusko Ikaskuntza bidaide. Apirilaren 16an argitaratuko dira espedizioa osatuko dutenen izen-abizenak.

Etapa bakoitzean ekintza bat

Iparraldeko eta diasporako gazteen errealitatea kontuan hartuta malguago jokatuko da. Izan ere, aipatu eremuetako egoera soziolinguistikoa eta ikasturteko egutegiak oso bestelakoak dira. Beraz adin tartea zabaldu da, 2000-2003 urteen artean jaiotakoak onartuko dira, eta apirilaren 8ra arteko epea izango dute motibazio gutuna eta lana bidaltzeko.

Espedizioan parte hartuko duten gazteek Euskal Herrian zehar ibiliko dira uztailaren 1etik 31ra. Etapa bakoitzaren amaieran askotariko ekintzak egingo dira. Besteak beste Iratxeko monastegia, Eunateko eliza, Donemiliaga Kukulako Yusoko monastegia, Añanako Gatzagak, Albaola, Baionako katedrala eta Santimamiñe eta Ekainberriko kobazuloak bisitatuko dira.

Orientazio eta astronomia ikastaroak ere egingo dira, eta askotariko hitzaldiak ere bai: Asisko Urmenetak gure lurraldearen historian sakontzeko hitzaldi-ilustratuak eskainiko ditu, Euskal Herriko Laborantza Ganberak nekazal eremuetako egoera hurbilduko du… Ez dira faltako bertso-afariak, proiekzioak ezta bainuak ibai, igerileku, putzu eta itsasoan.

Askotariko adituak bidelagun

Era honetan euskarAbenturalariek bertako geografia, historia, kultura eta errealitate soziolinguistikoa ezagutzeko aukera izango dute. Azken honetarako lurralde desberdinetako hainbat aditu izango dituzte bidelagun: Koldo Colomo Nafarroan, Beñat Garaio eta Ane Pedruzo Araban, Kike Amonarriz Gipuzkoan, Jone Goirigolzarri Bizkaian eta Eneko Gorri Lapurdin.

Honekin batera, espedizioan zehar sormen proiektu bat garatzea proposatuko zaie gazteei; espedizioan zehar bizitakoak eta ikasitakoak jasotzea helburu duen lan bat (antzerkia, performancea… gazteek nahi dutena). Espedizioaren azken gauean taularatuko dute, taldeka, amaierako opari kolektibo gisa. Horretan laguntzeko euskal kulturgintzako talentu handiko gonbidatuek lantegi ezberdinak eskainiko dizkiete: Ander Lipusek ahots-adierazpena emango du, Miren Amurizak eta Odei Barrosok literatur sorkuntza, Ximun Fusch-ek eszenografia eta Jon Mayak gorputz-adierazpena.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos