Ipar Amerikatik eta Asiatik datorren flora aurkitu dute Urumean

Diego Liendo ikertzailea/EHU
Diego Liendo ikertzailea / EHU

Kantauriko erlaitzeko ibaietan aurkitzen diren espezie exotikoak aztertu ditu EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaile batek, eta flora exotikoko 156 espezie topatu ditu

Munduko edozein lurraldetako ia edozein ekosistematan daude kanpotik sartutako espezie exotikoak, eta espezie horiek gai dira leku horretan ezarri eta arazo ekologiko eta ekonomikoak eragiteko. Hain justu Kantauriko erlaitzeko ibaietan aurkitzen diren espezie exotikoak aztertu ditu Diego Liendo Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Landare Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileak, eta flora exotikoko 156 espezie aurkitu ditu, gehienak amerikar eta asiar jatorrikoak.

EHUk jakinarazi duenez, inbasio biologikoen fenomenoa, hau da, gizakiak espezieak beren banaketa eremu naturaletatik kanpora mugitzea eta eremu horietan ezartzea, ingurumen arazo nagusietako bat da mundu mailan. Fenomeno hori areagotu egin da, azken hamarkadetan bereziki, kontinente arteko garraio sareetan izan diren hobekuntzen eta nazioarteko merkataritzaren gorakadaren ondorioz.

"Jatorriz bertakoak ez diren espezie batzuek alboratu egin dezakete bertako landaredia, portaera inbaditzailea baitute. Beste batzuek, berriz, gaur egun ez dute halako portaera inbaditzailerik, baina aurrerago izan dezakete, inbasio biologikoen fenomenoa denbora luzea hartzen duen prozesu bat baita", Diego Liendo ikerketaren egileak azaldu duenez.

Liendok egindako azterketak flora aloktonoko (ez jatorrizko) espezieak bilatu ditu Nansa (Kantabria) eta Bidasoa (Gipuzkoa-Nafarroa) ibaien arroen artean. Ikerketak plazaratu dituen datuek azaltzen dute Kantauriko ibaiak zer egoeratan dauden landare exotikoei dagokienez.

Informazio garrantzitsua izan liteke ekosistema horien kudeaketarako. Izan ere, Liendok dioenez, ekosistema guztiek ez dute zaurgarritasun bera espezie exotikoen inbasioa jasateko; ibai ekosistemak bereziki zaurgarriak dira ibaien beren ezaugarriengatik, ibai ingurunea oso dinamikoa baita. Tartean behin izaten diren uholdeek eraman egiten dute landarediaren parte bat, eta, hala, beste espezie horiek sartzea errazten da. Gainera, nahiko ingurune egokia da, nutriente ugari baititu, eta ura eskuragarri baitu.

Ikerketak zehaztu duenez, zenbait aldagairen araberakoa da inbasio gradua: aldagai klimatikoak (tenperatura), inguruneari dagozkionak (ibilguaren batezbesteko zabalera eta landare komunitateen kopurua) eta antropikoak (ibai zatiaren inguruko hiri lurraren proportzioa eta hurbilen dagoen hirigunerako distantzia). Halaber, ikusi da inbasio maila askoz handiagoa dela ibai arro industrializatuetan, hau da, jatorriz bertakoak ez diren landareen inbasio handiagoa dago ibaiaren luzeraren %50ean edo gehiagoan hiri edo industria lurra duten arroetan.

Bi habitat nagusi

Horrez gain, Kantauriko ibaietako bi habitat nagusietan oinarritutako ikerketa bat egin da: ibaiertzeko basoak, hau da, ibaiertzean hazten diren baso naturalak, eta ibai hondartzak, ibaian zehar sortzen diren metakinak (harrizkoak, hareazkoak edo lohizkoak izan daitezke). Bi habitat horietan ikusi da ibai hondartzetan "espezie aloktonoen kopurua basoetakoa baino askoz handiagoa" dela.

Ikerketan flora exotikoko 156 espezie detektatu dira guztira, gehienak amerikar eta asiar jatorrikoak. "Azpimarragarria da espezie horien %40 behin baino ez dela agertu", adierazi du Liendok. Gainera, detektatu diren zenbait espezie, hala nola Fallopia Japonica, oso maiz agertu ez arren, zati handiak estaltzera iristen dira. Beste batzuk, Paspalum Distichum kasu, ibai hondartza batzuk ia osorik estaltzera iritsi daitezke.

Bestalde, Ipar Amerikatik datorren Muhlenbergia Schreberi graminearen populazio naturalizatuak aurkitu dira Urumea ibaian. Espezie horren Iberiar penintsulako bigarren erreferentzia da. "Orain arte, Kataluniako leku jakin batean soilik zegoen aipatuta. Emaitza deigarria da, arro horretan maiztasun handiarekin aurkitu baitugu. Espero zen baino askoz zabalduago dago", azaldu du.

Eskuratutako emaitzak ikusirik, ikertzaileak azpimarratu du jarraipena egin behar zaiola espezie horren populazioari, "haren inbasio potentziala ebaluatu ahal izateko".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos