3D inprimatzaren formakutza jaso eta ziurtagiri ofiziala eskuratu ahal izango da EAEn

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Lanbide Heziketa Jardunaldietan/
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Lanbide Heziketa Jardunaldietan

Jaurlaritzarekin akordioa sinatu du Stratasys enpresak, gaur egun 3D inprimagailu profesionalen lidergoa duena munduan, makineria profesional horren %60 inguru saltzen duelarik nazioartean

DVDonostia

Euskadiko Lanbide Heziketak 3D inprimatzearen arloan emango duen prestakuntzak Stratasys enpresa estatubatuarraren akreditazioa izango du, Eusko Jaurlaritzak eta Stratasys-ek sinatutako lankidetzarako akordioari esker. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Stratasys enpresak du gaur egun 3D inprimagailu profesionalen lidergoa munduan, eta makineria profesional horren %60 inguru enpresa estatubatuarrak saltzen du mundu zabaleko merkatuetan.

Akordioak izango duen ondoriorik nagusiena da Euskadiko Lanbide Heziketak 3D inprimatzearen erabileraz eta aplikazioez formakuntza eskainiko duela, Tknika Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Zentroaren bidez, eta prestakuntza hori jasotzen duten ikasle eta profesionalei mundu zabalean entzutea duen fabrikatzailearen ziurtagiri ofiziala emango diela. Berritasun hau "garrantzi berezikoa" da ikasle eta profesionalentzat, eta Euskadiko produkzio ehuna osatzen duten enpresentzat.

Horrela, alde batetik, 3D inprimatze profesionalaren inguruko formakutza jaso eta fabrikatzailearen ziurtagiri ofiziala eskuratzen duten ikasle nahiz profesionalek "hobekuntza nabarmena" ikusiko dute enplegagarritasunean: gero eta eskaera gehiago duen arloan lan aukerak agertuko zaizkie, eta enpresetan presentzia handia duten inprimagailu hauen inguruko berariazko ezagutza egiaztatu ahal izango dute. Aldi berean, arlo horretan lanean hasteko edo hasi berri diren euskal enpresek ongi kualifikatutako langileak aurkituko dituzte.

Lankidetzarako akordioa Euskadiko Lanbide Heziketaren nazioarteko ospearen mesederako ere izango da. Urtero, ehunka ikasle atzerritar etortzen dira Euskadiko Lanbide Heziketa ikastetxeetara berariazko ikastaroak egin eta euren trebakuntza osatzera, eta ikasle horiek ere mundu mailako aitormena duen ziurtagiria jasoko dute, "nazioartean euskal Lanbide Heziketaren eskaintza erakargarriago eginez eta sendotuz".

Formakuntza katalogoa

Gaur egun, Tknika Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Zentroa formakuntza katalogoa garatzeko lanean ari da Stratasys enpresarekin eta Alemania, Erresuma Batua, Israel eta AEBetako beste eragile batzuekin, herrialde horietan ere abian jarriko baita ziurtagiri eredu hau.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak 2016ko apirilean Minnesotara (AEB) egin zuten bidaian hasi zen itxura hartzen akordioa. Minnesotan egoitza duen Stratasys enpresako ordezkariekin orduan izan zituzten lehen harremanen emaitza bezala, egunotan Donostian burutzen ari diren Lanbide Heziketaren Nazioarteko Jardunaldietan gauzatu da orain akordioa.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos