Informazio eta Komunikazio Teknologien Astea antolatu dute hilabete amaierarako

Irailaren 25etik 29ra egingo da ekimena/EFE
Irailaren 25etik 29ra egingo da ekimena / EFE

Markina-Xemein, Ondarroa eta Lekeition antolatu dituzten tailerretan izena ematerako orduan bertako enpresa eta norbanakoek lehentasuna izango duten arren, ikastaroak pertsona orori zuzenduta daude

DVDonostia

Teknologia berriek eskaintzen dituzten baliabide ugariak mikroenpresa, merkatari eta herritarren artean zabaltzeko helburua duen ekimena irailaren 25etik 29ra egingo da. Leartibai garapen agentziak Lea-Artibaiko I. Informazio eta Komunikazio Teknologien Astea antolatu du, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren SPRI Enpresa Digitala ekimenarekin elkarlanean.

Publiko motaren arabera hiru bloketan ezberdinduta antolatu da astea (mikroenpresak, merkatariak eta herritarrak), eta gai ezberdineko doako zortzi tailerrek osatuko duten ikastaro sorta bat eskainiko du, antolakuntzak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Bizkaiko eskualdeko enpresei formakuntza teknologikoa eskaintzeko asmoz, IKTek negozioaren arrakastan duten garrantzia azpimarratu eta haien erabilpena sustatuko du ekimenak, eta tailerrak oso praktikoak izango dira. Markina-Xemein, Ondarroa eta Lekeition antolatuko diren tailerrek enpresetako sail ezberdinetan sor daitezkeen beharrei erantzutera bideratuko dira, eta teknologia berrien ezartze eta erabilerak sor ditzakeen arazo eta egoera ezberdinei aurre egiteko erantzunak emango dituzte.

Lea-Artibain horrelako ekimen bat antolatzen den lehen aldia bada ere, hurrengo urteetan errepikatzeko asmoa dago, "enpresentzako benetan onuragarri eta erabilgarria dela frogatuta baitago". Lehen edizioan, besteak beste, sarean presentzia irabazteko aholkuak, produktibitatea, segurtasuna eta sareko irudia bezalako gaiak landuko dira, guztiak IKTek eskuragarri jartzen dituzten baliabideak ahal bezain beste aprobetxatzeko ikastera bideratuta.

Parte hartzeko Leartibai Garapen Agentzian eman behar da izena, 94 683 34 95 telefonoan edo blarrinaga@leartibai.com zein merkataritza@leartibai.com helbide elektronikoetan. Izena ematerako orduan Lea-Artibaiko enpresa eta norbanakoek lehentasuna izango duten arren, ikastaroak pertsona orori zabalik daude.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos