«Ikasle euskaldun eleaniztunak» bermatzeko ikasteredua eskatu dute

Agerraldian parte hartu duten ordezkariak./KONTSEILUA
Agerraldian parte hartu duten ordezkariak. / KONTSEILUA

Hizkuntzaren eremuan "jauzia eman beharra" aldarrikatu dute hezkuntza arloko zenbait eragilek

EUROPA PRESS

Ikasle euskaldun eleaniztunak bermatuko dituen ikasteredu orokortua abian jartzeko garaia dela adierazi du astelehen honetan Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, eta horretarako "baldintza errealak" ikusten ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) Hezkuntzaren aldeko Akordioa delako prozesua zabaldu denean, Kontseiluak berak sustatuta, hizkuntzaren eremuan "jauzia eman beharra" aldarrikatu dute astelehen honetan hezkuntza arloko zenbait eragilek.

Horrela, Kontseiluko idazkari nagusiarekin batera, Euskal Herriko Ikastolak (Koldo Tellitu), HEIZE (Iñigo Salaberria), Hik Hasi (Joxe Mari Auzmendi), Kristau Eskolak (Mikel Ormazabal), Sortzen (Olatz Egiguren), UEU (Iñaki Gonzalez-Murua) eta ELA (Miren Zubizarreta), LAB (Ibai Redondo) Steilas (Xabin Arrizabalaga) sindikatuak izan dira agerraldian.

"Agerraldian gaudenok biltzen gaituena euskararen normalizazioaren aldeko jarrera eta jarduna dira. Horrexegatik, eskaera bateratua egin nahi dugu: bada garaia ikasle euskaldun eleaniztunak bermatuko dituen ikasteredu orokortua abian jartzeko", adierazi du.

Helburu hori lortzeko "baldintza errealak" ikusten dituzte agerraldian parte hartu duten eragileek. "Irakasleria alde dago, horren aldeko gehiengo soziala eta sindikala ere badago", gaineratu du Bilbaok.

Halaber, hainbat azterketek agerian utzi duten moduan, euskararen gaitasun egokia eskuratzeari dagokionez, egungo ereduek goia jo dutela esan du. Ildo horretan, bere hitzetan, "ikasle guztiei eskubide berdinak bermatu behar zaizkie, ezin dira lehen mailako eta bigarren mailako ikasleak bereizi".

B2 mailaren gaitasuna

Ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan izan beharko lituzketen gaitasunak ere zehaztu dituzte agerraldian parte hartu duten eragileek. "Euskaraz eta gaztelaniaz, gutxienez, B2 mailaren gaitasunak eta ingelesez B1 mailaren gaitasunak eskuratzeko beharrezkoak diren tresna guztiak jarri eta inbertsio guztiak jarri behar dira. Iraulketa egiteko garaia da", azpimarratu du Bilbaok.

Halaber, Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu du ez garela hutsetik abiatzen eta iraulketa egiteko bitartekoez hitz egin du. "Proposamen zehatzak badaude horri buelta emateko: Ikasle Euskaldun Eleaniztunak eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Hezkuntza komunitatearen eta gizartearen babes handiagoko proposamenik ez dago gaur egun", ziurtatu du.

Egin beharreko bidea zein den ezaguna dela ere esan du Bilbaok: "urteetako eskarmentuak erakutsi digu posible dela belaunaldi berriak euskaldun eleaniztunak izatea. Ezin dugu onartu ikastereduak mantentzea, eta, ondorioz, urte luzez sistema horren ondorioz belaunaldi berrien euskalduntzea hipotekatzea. Ezin dugu onartu ikasleei berezko hizkuntza ikasteko eskubidea urratzea. Hezkuntzaren alorrean bidegurutzean gaude eta guztiok batera norabide egokia hartu behar dugu".

Gainera, tokiko errealitate soziolinguistikoari erreparatu behar zaiola adierazi du, "soziolinguistikoki zailagoak diren guneetan inbertsio gehiago eginez, eta ez, ordea, lortu beharreko gaitasunak jaitsiz". "Ikasle guztiek gaitasun berdinak lortzeko eskubidea dute, eta hori begirako inbertsioak egin behar dira", gaineratu du.

Horrela, "Hezkuntza aldeko Akordioa" prozesuak lege berria ekarriko balu, Bilbaok adierazi du nahi dutela bertan jasota egotea ikasteredu orokortu bat egongo dela Ikasle Euskaldun Eleaniztunak edota Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak jasotzen dituen baldintzetan. Halaber, hizkuntza gaitasun horiek lortzeko beharrezko inbertsioak ere bermatu beharra eskatu du.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos