Ikaro, «naturaren txiripa» bati esker aurkitutako izarrik urrunena

Laster 28 urte beteko ditu Hubble teleskopio espazialaren misioak. /
Laster 28 urte beteko ditu Hubble teleskopio espazialaren misioak.

Hubble teleskopioa erabiltzen ari diren astronomoek galaxia urrun-urrun batean aurkitu duten izarraren argiak 9 mila milioi urte behar izan ditu Lurrera iristeko

Neurriz kanpoko argiztatzeak eragiten duen kutsaduraren ondorioz, gero eta zailagoa dugu buruaren gainean ditugun izarrak ikustea, eta egoera hain da larria non astronomoek ekintzak antolatulatu behar dituzten gaueko zerua eta izarren argia defenditzeko, hala nola astelehen honetan Donostian aurkeztu den Starlight gaua.

Aldi berean, inoizko irismen-gaitasun handiena dugu irudikaezinak diren distantzietara dauden izarran aurkitzeko, laster misioa hasi zueneko 28. urteurrena beteko duen Hubble teleskopio espazialari esker batik bat. Hain zuzen ere, teleskopio hori erabiltzen duten astronomoek distantzia errekor berri bar ezarri dute inoiz ikusi den banakako izarrik urrunenaren aurkikuntzarekin. Izen ofiziala MACS J1149+2223 Lensed Star1 duen izarrari Ikaro izena eman diote astronomoek, Eguzkitik gertuen hegan egin eta lumaz eta argizariz egindako hegoak urtu zitzaizkion pertsonaia mitologiko grekoaren oroimenez. Aurkikuntzak bertan behera utzi du materia ilunari buruzko teorietako bat, eta horren berri 'Nature Astronomy' aldizkarian argitaratutako lan batean eman duen taldean parte hartu du UPV/EHUn lanean diharduen Tom Broadhurst Ikerbasqueko ikertzaileak.

Aurreneko 'izar magnifikatua'

Ikerbasquek berriki zabaldutako ohar baten arabera, «normalean, munduan dauden teleskopiorik handienak erabilita ere, ezinezkoa izango zatekeen fenomeno hau hautematea, baina izarraren distira ahula izugarri biderkatzea ahalbidetu duen naturaren txiripa bati esker, NASAren Hubble Teleskopio Espaziala erabiltzen duten astronomoek izarra aurkitu eta distantzia errekor berri bat ezartzea lortu dute. Era berean, Ikaroren identifikazioaz, bertan behera geratu da materia ilunari buruzko teorietako bat«.

Izarra galaxia espiral urrun-urrun batean kokatuta dago, eta horren argiak 9 mila milioi urte behar izan ditu Lurrera iristeko. Hortaz, galaxia hori unibertsoak oraingo adinaren ehuneko 30 inguru zuenean sortu zela ondorioztatu da.

Laukiaren barruan dago izarra. 2011an ez zen ikusten, 2016an bai.
Laukiaren barruan dago izarra. 2011an ez zen ikusten, 2016an bai.

«Ikaro lente grabitazionalen bitartez aurkitu izanak bide berri bat ireki du, astronomoek urruneko galaxietan dauden banakako izarrak iker ditzaten. UPV/EHUri atxikitako Tom Broadhurst Ikerbasqueko ikertzailea nazio arteko aditua da lente grabitazionaletan. Metodo honek egun ez bezalako ikupegi zehatza eskaintzen du izarren bilakaera eta bereziki izarrik distiratsuenen bilakaera ulertzeko«, diote.

«Hauxe da banakako izar bat magnifikatuta ikusi dugun lehenengo aldia«, adierazi du ikerketa zuzendu duen Patrick Kelly Minnesotako Unibertsitateko (Twin Cities) irakasleak. »Banakako galaxiak ikus ditzakezu, baina izar hau, supernoben leherketak baztertuz, gutxienez 100 aldiz urrunago dago iker dezakegun hurrengo banakako izarretik«.

Ezusteko aurkikuntza, 2016an

Oharrak honela azaltzen du aurkikuntza ahalbidetu duen berritasun nagusia: «'Lente grabitazionala' deritzona izan da izar hau bistaratu duen fenomeno kosmikoa. Galaxia-kluster masibo baten grabitateak espazioan dagoen lente natural baten antzera funtzionatzen du, argia bikoiztuz eta areagotuz. Batzuetan, hondoko objektu bakar baten argia hainbat iruditan islatuta ager daiteke. Argia asko magnifika daiteke, distira arin-arina duten urruneko objektuei bistaratzeko moduko distira emanez».

Kasu honetan, Lurraren eta Ikaro finkatuta dagoen galaxiaren artean kokatutako MACS J1149 + 2223 izeneko galaxia-klusterrak «lupa» naturala sortu du. Lente grabitazional honen indarra Hubble teleskopioaren bereizmen eta sentiberatasun apartarekin kobinatuta, astronomoek Ikaro ikusi eta aztertzeko aukera izan dute.

Ikertzaile taldea Hubble teleskopioa erabiltzen ari zen urruneko galaxia espiral bateko supernoba bat monitorizatzeko, eta 2016an, ustekabean, argi puntu berri bat aurkitu zuten magnifikatutako supernobatik hurbil. «Berotu edo lehertzen ez zenez gero, berehala konturatu ziren ez zela beste supernoba bat. Argia magnifikatuta zegoelako baino ez zitzaien iristen», alegia.

Objektu horretatik iritsitako argiaren koloreak aztertzean, «izar urdin superrerraldoia zela konturatu ziren. Honelako izarrak Eguzkia baino askoz handiagoak, askoz ere masa handiagokoak, beroagoak eta, seguruenik, ehunka mila aldiz distiratsuagoak dira, baina distantzia horretan urrunegi daude lente grabitazionalen laguntzarik gabe behatu ahal izateko».

«Puntuaren hondoan izar baten anplifikazioa detektatzeak aukera paregabea eskaini du materia ilunaren izaera probatzeko. Materia iluna unibertsoaren guztizko masaren zatirik handiena osatzen duen material ikusezina da», diote.

Ikerketa honen emaitzek «bazterrean utzi dute materia iluna unibertsoaren hasieran sortutako hainbat zulo beltzek osatutakoa dela dioen teoria, izan ere, 13 urtez Hubble-ren laguntzaz monitorizatu diren hondoko izarren fluktuazio arinak beste era batera ikusiko ziratekeen tarteko hainbat zulo beltz baleude».

Aurkikuntza honen ondoren antzeko beste asko iristea espero da. Izan ere, «NASAren James Webb Teleskopio Espaziala orbitaratzen denean, astronomoek Ikaro bezalako izar asko aurkitzea espero dute. Webb teleskopioaren sentiberatasun apartari esker, urruneko izarrak biraka ibili arren, askoz ere neurketa zehatzagoa egin ahal izango da».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos