Errigora, Nafarroa hegoaldeko uzta eskutik eskura

Argazkia iazko banaketari dagokio./
Argazkia iazko banaketari dagokio.

Martxoaren 20ra arte dago zabalik olioa eta kontserbak eskatzeko epea. Ekoizleengandik kalitate goreneko produktuak jasotzeaz gain, euskararen garapena elika daiteke ekimen honetan parte hartuta

Parte-hartzaile denek irabazten duten ekimenak ez dira oso ohikoak. Badira haatik, eta horietako bat Errigora dela esan daiteke, lehen urratsak 2012an egin zituen herri ekimena, une honetan 'Zubi bat sukaldera' lelopean 2018ko kanpainan bete-betean murgilduta dabilena.

Izan ere, auzolanean oinarritutako egitasmo honetan ekoizleek irabazten dute, euren produktuak zuzenean helarazten dizkietelako kontsumitzaileei, bitartekaririk gabe, askoren borondatezko lanari esker. Nafarroa hegoaldeak irabazten du, eskualdearen garapenerako ere ona delako ekimena. Kontsumitzaileek irabazten dute, kalitate goreneko produktuak zuzenean jasotzen dituztelako ekoizleengandik, berme osoz eta bidezko prezioan. Eta euskarak irabazten du, jasotako diruaren zati bat euskara ofiziala ez den Nafarroako eremuan euskararen garapenarekin eta sustapenarekin zerikusia duten proiektuetara bideratzen baita.

Errigora ekimenaren sustatzaileek emandako datuek berresten dute horren arrakasta: "1.500 familia inguruk eskatu zuten olioa 2014an eta 2017an 6.000 etxetara heldu zen Errigoraren Uztaberria; 4 ekoizlek eskaini zituzten olioa eta kontserbak 2014an eta 14 izango dira aurtengoan; 30 herritan hasi genuen esperimentua ia 70 herritara zabaldu da dagoeneko...".

Garai batean bi kanpaina egiten baziren ere -bat olioa eskatzeko eta beste bat kontserbak enkargatzeko-, eskaera kanpaina bakarra egin da azken edizioetan. Hain zuzen ere, batera eska daitezke produktuak: Nafarroako oliba-olio birgina (konbentzionala zein ekologikoa), eta denetariko kontserbak (horiek ere bi modalitateetakoak), nahiz eta bereiz banatu.

Eskaerak egiteko epea martxoaren 6an ireki zen, eta hilaren 20an itxiko da, datorren asteartean. Hainbat ikastola, euskaltegi, eskola, lantegi, elkarte eta kontsumo-taldek bideratzen dituzte eskaerak eta banaketak herriz herri, baina norbanakoek ere egin dezakete, noski, eskaera. Zerrenda luze honetan agertzen diren guneetan egin behar dira eskaerak., eta hainbat kasutan eskaera online egiteko aukera ere badago, gero produktuak eskatu den gunean jaso behar badira ere. Banaketari dagokionez, olioarena apirilaren 9tik 20ra egingo da (banaketa puntu bakoitzak ditu bere egun eta ordutegiak), eta kontserba-loteena, berriz, maiatzaren 31tik ekainaren 12ra.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos