Hegalabur gehiago dago Bizkaiko Golkoan, AZTIren neurketaren arabera

Iazko argazkian, atun gorri deskarga Getariko portuan. / AMAXKAR

Atun gorriaren ugaritasun indizea neurtzeko kanpaina Hondarribiko 'Txingudi' kanaberadun atunontzian egin da

Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak arrain horren biomasa areagotzeko 2008an abiarazitako kanpainari esker, hegalabur edo atun gorriaren presentzia areagotu egin da Bizkaiko Golkoan. Hori ondorioztatu du AZTI Itsas eta Elikagaigintzako Berrikuntzako Zentro Teknologikoak hegalaburraren ugaritasun indizea jakiteko egin duen kanpainan jasotako datuen arabera. BFT Index izeneko kanpaina uztailaren 4tik 14ra bitartean egin da Bizkaiko Golkoan. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak finantzatu du kanpaina, eta Hondarribiko 'Txingudi' kanaberadun atunontzian egin da.

Gehiegizko ustiaketa jasan zuen hegalaburrak 1990etik 2008ra bitartean, presio handia egin baitzion arrantza sektoreak, batez ere Mediterraneoko inguraketa flotak. Horregatik jarraitzen du hurbiletik espeziearen bilakaera Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak, Ozeano Atlantikoko eta inguruko itsasoetako tunidoen eta antzeko espezieen kontserbazioaz arduratzen den gobernu arteko erakundeak.

Zenbat arrain dagoen aztertzea, ordea, ez da lan erraza. Adierazle fidagarriak behar dira, hegalaburraren elikaguneetan arrain horren zer kantitate dagoen zehazki erakuts dezaten. Alborapena eragin dezake arrainaren ebaluazioan aparailu tradizional baten bidez egiten den hegalaburraren arrantzak, baxurako euskal ontzien beita biziko arrantzak, alegia.

Bizkaiko Golkoko elikaguneetan, ordea, zunda zientifikoen bidez jasotzen dira arrantza adierazleak, eta, horri esker, saihestu egiten da alborapena. Emaitza onak ari dira ekartzen teknika horiek. 2003tik erabiltzen dira, antxoa gaztearen biomasa aztertzeko, eta hegalaburraren biomasarako, berriz, 2015etik. Kanpaina hori luzatu eta bost urteko serie bat osatzean, ugaritasun indize baliagarria izango da ekialdeko Atlantikoan eta Mediterraneoan zenbat hegalabur dagoen aztertzeko.

AZTIk azpimarratu du baxurako ontzien laguntza izan duela beti baliabide horren azterketa egiteko, eta BFT Index kanpaina da zientziaren eta arrantza industriaren arteko elkarlanaren beste adibide bat.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos