Haurren kontrako sexu indarkeria salatzeko, manifestazioa hilaren 24an

Manifestazioa asteazken honetan aurkeztu da, Bilbon./
Manifestazioa asteazken honetan aurkeztu da, Bilbon.

Euskal Herriko zenbait talde eta kolektibok egin dute bat mota horretako delituen inpunitatea salatzen duten agiriarekin eta Algortan egingo den manifestazioarekin

Euskal Herriko hainbat taldek -mugimendu feministaren ingurukoak gehienak, baina beste arlo batzuetakoak ere bai asko, horietako zenbait Gipuzkoakoak- bat egin dute haurren kontrako indarkeriaren larritasunaren berri emateko eta, euren ustez, delitu horien aurrean dagoen «inpunitatea» salatzeko ekimenarekin. 'Haurren kontrako sexu indarkeriaren aurrean inpunitaterik ez!' manifestua sinatu dute batetik eta, bestetik, hilaren 24an Algortan (Getxo) egingo den manifestazioan parte hartzeko prest azaldu dira.

Bata zein bestea asteazken honetan Bilbon egin den agerraldian aurkeztu dituzte. Manifestuan diotenez, «haurren kontrako bortizkeria patriarkalak baditu dimentsio ezberdinak: eraso fisikoak, psikologikoak, arduragabekeria fisikoa eta emozionala eta sexu-abusuak. Indarkeria aldaera anitz horien zutabeak estuki lotuta daude patriarkatuaren baitako jendarteratze-prozesuei«. Sexu-gehiegikeriei dagokienez, «eguneroko errealitate dira gurean; esaterako, salatzen diren sexu-abusuak kontuan hartuta, hamahiru urtetik beherako lau neskatotik batek eta zazpi mutiletik batek jasan ditu noizbait bere bizitzan».

Hala ere, «egoera horien inguruko datuen eskasia salatu ohi dute behin eta berriz gehiegikeria horiek pairatu dituzten haur eta nerabeen elkarteek. Sexu-abusua jasan duten haurrek gehienetan bere erasotzailea ezagutzen dute: %90etan hurbileko senidea da. Europako kontseiluak berak, 'bostetik bat' kanpaina abiatu du, haurren eskubide urraketa larri honen aurrean dagoen ikusezintasunari aurre egiteko asmoz».

Deialdia babesten dutenen ustez, «indarkeria sexistak duen dimentsio zabal honen gotorlekua patriarkatuaren oinarria den familia nuklearra da»; «boterearen monopolioa» gizonezkoei ematen diena, «produkzioa eta erreprodukzioaren arteko banaketa sistemikoan» oinarritzen dena, besteak beste.

Nabarmendu dute, bestalde, haurren aurkako sexu-abusuen kasuan salaketa gehienak ez direla epaitegietara iristen. Gainera, «ailegatzen diren horiek, tabaz betetako bide bati egin beharko diete aurre». Eta, «azken batean, epaitegietara iristea lortzen duten salaketen kasu gehienak artxibatu egiten dira».

Bestalde, «prozesu judizialei dagokionean, kasuen %13an soilik burutzen da aldez aurretik eratutako froga delakoa, adin txikikoen berbiktimazioa ekiditzen duena. Gainera ez da adin txikikoei moldatutako teknika zehatzekin egiten, horregatik ez da eraginkorra izaten».

«Larria da nola zerbitzu publikoen eragiteko protokoloak berak erasotzaileen absoluziorako argumentu juridiko bezala erabiltzen diren», diote, zenbait adibide aurkkeztuz. Horregatik salatzen dute indarkeria mota horren «legitimazioa» bermatzen dutela erakundeek, «gure jendartean errotutako mekanismo eta sinismen atzerakoi eta patriarkalen isla direlako, bereziki adin txikikoen kasuetan hartzen duen izaera bortitza kontutan hartuta». Horregatik guztiagatik, manifestazioa deitu dute ekainaren 24rako Algortan, 'Haurren kontrako sexu indarkeriaren aurrean inpunitaterik ez!' lelopean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos