Hamaikako kementsua osatu da Nafarroan Euskaraldirako

Iruñean aurkeztu da taldea, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institituaren egoitzan./EUSKARALDIA
Iruñean aurkeztu da taldea, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institituaren egoitzan. / EUSKARALDIA

«Erreferentzialak diren eta ekimenean murgilduta dauden euskaltzale aktiboek osatutako talde anitza» asteazken honetan aurkeztu da. Ekimenaren enbaxadore izango dira aurrerantzean

Euskal Herriko gainerako lurraldeetan bezala, euskaldun eta euskaltzale ugari ari dira Euskaraldirako prestatzen Nafarroan, eta askoz gehiago izango dira udazkenean norbanakoen izen-ematea zabaltzen denean. Aurretik badute ordea denak ordezkatzen dituen hamaikakoa, asteazken honetan Iruñean aurkeztu dena.

Hamaikako kementsu, gazte eta askotarikoa, modu pertsonalean eta borondatez ekimenean parte hartzea erabaki duten ahobizi zein belarriprest ezagunak biltzen dituena. Goizean bildu dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institituaren eraikinean hamaikakoaren kideak: Oier Sanjurjo, futbolaria; Julian Iantzi, aurkezlea; Edorta Salvador, okina eta sukaldaria; Zuriñe Hidalgo, abeslaria eta aurkezlea; Nerea Egozkue, modeloa; Nerea Fillat, Katakrak-eko kidea; Mikele Grande, Uharteko gaztea; Mikel Idoate, enpresaria; Pello Yaben, enpresari aholkularia; Juan Kruz Lakasta, kazetaria eta Saioa Jaurena, errugbi jokalaria. Haiek osatzen dute dinamikaren erreferentzia izateko osatu den hamaikakoa.

Haiekin batera, ekimenaren Koordinazio Orokorreko ordezkariak ere izan dira: Oskar Zapata, Euskaltzaleen Topaguneko kidea eta Euskaraldiaren koordinatzailea Nafarroan; Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria; eta Mikel Arregi, Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea.

Hamaikakoa osatzen duten kideek «euskararen aktibazioa sustatzeko babes urratsa ematea erabaki dute». Ohar baten bidez gogoratu dutenez,«ekimenaren enbaxadore izango dira, eta herritarren parte hartzea aktibatzeko deia egin dute. Ekimenaren berri emango diete inguruko kideei, gainera. Izan ere, ekimenean parte hartu nahi duten pertsonek ere ahobizi eta belarriprest rolen bitartez euren hamaikako propioak osatu beharko dituzte. Hau da euskarazko harremanak izan eta inertziak astintzeko Euskaraldiak proposatzen duen formula».

Jakina denez, Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatuko da, aurretik hitzordu garrantzitsuak finkatu direlarik. Abian da, esate baterako, prestatzaileen formakuntza. Burlatan izango da hurrengo saioa, larunbatean, ekainak 16, goizez. Eta Bilbon ekainaren 20an bilduko dira, arratsaldez. Euskaraldiko kantua aurkeztuko da uztailaren hasieran, eta norbanakoen izen-ematea irailaren 20an zabalduko da.

 

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos