Gizarteratzea, Gipuzkoaren gai pendientea

Miramar jauregian egiten ari den ikastaroan, gizarteratzearen alorreko adituak eta 161 ikasle parte hartzen ari dira
Miramar jauregian egiten ari den ikastaroan, gizarteratzearen alorreko adituak eta 161 ikasle parte hartzen ari dira

Gipuzkoako Gizarteratzeko Elkar-EKIN foru plana ezagutzea emateaz gain, EHUko Udako Ikastaroko hizlariek Europa mailan eta EAEn dauden joerak, praktika onak, erronkak eta berrikuntzak partekatu dituzte

DVDonostia

Markel Olano diputatu nagusiak adierazi du gizarteratzea Gipuzkoan Foru Aldundiaren "agendan dagoela, hizki handietan jarrita". Legealdia amaitu arte, Aldundiaren kudeaketa politikoaren xedea izango da Gipuzkoa bihurtzea "desberdintasun gutxiena duen lurraldea Europan", gaineratu du Olanok EHUko Uda Ikastaroetako "Berrikuntza gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonen gizarteratze eta arretan" ikastaroaren irekieran.

Donostiako Miramar jauregian egiten ari den ikastaro honetan, gizarteratzearen alorreko adituak eta 161 ikasle parte hartzen ari dira: nagusiki administrazio publikoko eta besteren kontuko langileak. Bi egunetan, 2016-2020 Gipuzkoako Gizarteratzeko Elkar-EKIN foru plana ezagutzea emateaz gain, hizlariek Europa mailan eta EAEn dauden joerak, praktika onak, erronkak eta berrikuntzak partekatuko dituzte.

Olanok azpimarratu du gure lurraldean beharrezko osagai guztiak ditugula "Elkar-EKIN planarekin jarritako erronkei aurre egiteko". "Lehenik eta behin –zehaztu du-, gizarte politiketan inbertitzen duten erakundeak ditugu; bigarrenik, hirugarren sektore sendo eta bizia dugu; eta hirugarrenik, gizarte solidario eta bateratua dugu. Eta guztiaren erdian, pertsonak, pertsonak eta gizartea. Eta beraiei ere badagokie protagonismoa izatea, zeren gizarte solidarioago, inklusiboago eta desberdintasun gutxiago duena lortzea ez da bakarrik Aldundiaren erronka, Gipuzkoako gizarte osoarena ere bai".

Gizarteratzeari eragiteko "zenbait ekintza"

Elkar-EKIN hizpide, Gizarte Politikako diputatuak nabarmendu du "zenbait ekintza" abiarazi dituztela Plan honen "ardatz bakoitzerako". Adibide modura, aipatu du bazterketa egoeran dauden pertsonen artetik 242 pertsonak (141 emakume eta 94 gizon) lana aurkitu dutela azken urtean, Gizarte Politikako Departamentuaren gizarteratzeko eta lanbideratzeko programetan parte hartu eta gero.

Halaber, Peñak aipatu ditu Elkar-EKIN planaren zenbait programa pilotu, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan sartuak. Alde batetik, "prestakuntza-enplegu sare bat jarri dugu martxan Debagoiena eta Debabarrenako garapen agentziekin elkarlanean, bazterkerian dauden pertsonen premiei erantzuteko. Eta ibilbide inklusiboak optimizatzeko, azpimarra jarriko da gazte eta zama familiarrak dituzten emakumezkoen kolektiboetan".

"Hori dela eta – gaineratu du- proiektu honek erantzun berritzaileak behar ditu, erakunde desberdinen arteko sinergiak lortzeko". Peña diputatuak aipatu duen beste programa pilotua GazteON sareLAN izan da, zeinaren xedea den heldu-bizitzarako trantsizioa, zailtasun pertsonal, familiar eta soziala duten 16 eta 23 urte bitarteko gazteei laguntzea, gizarte eta lan munduan osoki sartu daitezen.

Diputatuak, halaber, oroitarazi du adineko pertsonen babesa ere badela Aldundiaren gizarteratze planaren beste ardatza, eta horren harira bi proiektu "bereziki esanguratsuak" nabarmendu ditu mendekotasunaren arloan. Lehena Etxean Bizi da, egoitza-plaza eskatzaileei dago zuzendua eta helburu duena baztertze arriskuan edo mendekotasuna dutenei "kalitatezko arreta eskaintzea", beti ere beraiek "bizitzeko nahiago duten ingurunea hobetsita. Izan ere, ez dezagun ahaztu adineko pertsonen %80k nahiago duela bere etxean bizitzen jarraitzea".

Mendekotasun arloko azken proiektua Pasaian erreferentziazko zentro berri bat irekitzea litzateke, zahartzea eta ezintasuna artatzeko eredu berritzaileak erabiliko dituena, hain zuzen ere, aukera emango duena eskarian ematen ari diren aldaketei "erantzuteko". "Horren harira konbentzituta gaude ikerketa eta berrikuntza ezinbestekoak direla gure arreta-ereduan aurrera egin dezagun eta zahartzearen erronkari arrakastaz aurre egin diezaiogun", amaitu du Peñak.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos