Gipuzkoako 14 taldek hartuko dute parte larunbateko Zientzia Azokan

2016ko Zientzia Azoka, Bilboko Plaza Barrian./PEDRO URRESTI
2016ko Zientzia Azoka, Bilboko Plaza Barrian. / PEDRO URRESTI

Ikertzaile gazteek landutako 90 proiektu aurkeztuko dira guztira Elhuyar Fundazioak antolatutako ekimenean

Elhuyar Fundazioak antolaturiko Zientzia Azoka egingo da datorren larunbatean, apirilaren 21ean, Bilboko Plaza Berrian. Bertan, 30 ikastetxetako ikertzaile gazteek urtean zehar landutako 90 proiektu zientifiko eta teknologiko aurkeztuko dituzte.

90 proiektu horien atzean 313 gazte daude, 174 neska eta 139 mutil. Guztira, DBHko 66 eta Batxilergoko 24 talde izango dira: Bizkaiko 68, Gipuzkoako 14, Nafarroako lau, Arabako bi, eskolaz kanpoko bat eta Estatuko beste azoketako bi. Izan ere, Bartzelonako Exporecerca eta Galiciencia zientzia azoketan irabazle izan diren bi taldek ere parte hartuko dute.

Leire Cancio Elhuyarreko zuzendariak, Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotziak eta Amaia Esquisabel Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikerketa zuzendariak astearte honetan aurkeztu dute 2018ko Zientzia Azoka, Bilboko udaletxean.

Halaber, Maitane Alonso Sodupeko gaztea ekitaldian izan da. Iazko Zientzia Azokan eta aurtengo Bartzelonako Exporecerca Jove azokan irabazle izan da Sodupeko gaztea, eta zientzia proiektuak lantzen izandako bizipenak azaldu ditu.

Egitarau berezia

Aurtengo Zientzia Azoka egitarau betearekin dator. Eguerdiko 12.00etan hasi eta iluntzeko 20.00ak arte, ikertzaile gazteek ikasturtean erronka bati edo galdera bati erantzuteko landutako ikerketa proiektuak eta proiektu teknologikoak erakutsiko dituzte. Horrela, gazteek urtean zehar eginiko lanak izango dira protagonista. Gainera, ikertzaile profesionalek ere beren proiektuak aurkeztuko dituzte, eremu profesionalaren gunean.

Aurkezpenean nabarmendu dutenez, Zientzia Azokaren aurtengo nobedade garrantzitsua da Nazio Batuen Erakundearen (NBE) 2030 Agendaren Garapen Iraunkorreko Helburuei (GIH) jarraiki antolatu direla lanak.

Zientzia Azokaren irekia ofiziala 12.00etan izango da, instituzio eta erakundeen eskutik. Azokak hiru gune nabarmen izango ditu: arkupeetan gazteen standak izango dira, 12.00etatik 15.00etara eta 16.00etatik 18.30era; erdigunean ikertzaile profesionalen eremua (EHU, UEU, Unesco Etxea, Deustuko Unibertsitatea, Elhuyar gunea) eta txikienen tailerrak jarriko dira; azkenik, eszenatokian sariak banatuko dira.

Zientzia Azoka Elhuyarrek antolatzen du, Bilboko Udalaren babesarekin eta Euskal Herriko Zientzia eta Teknologia Sarearekin elkarlanean. Gainera, Ikerbasque, EHU, Nafarroako Unibertsitate Publiko, Mondragon Unibertsitate, Deustuko Unibertsitate, Digipen Teknologia Institutu eta Tecnaliako ikertzaileen laguntza jaso dute gazteek beren lanak egiteko.

Ondoren, gazteek zientzia bizipenak luzatzen jarraitzeko, mundu profesional horretan diharduten Euskaltelek, Iberdrolak, ERABIk, Tecnalia Korporazio Teknologikoak, IK4 zentro teknologikoen aliantzak, nanogunek, TZBZ Berrikuntza Taldeak, BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroak, Iruñeko Planetarioak, UEUk, Unesco Etxeak eta Neiker-Tecnaliak egonaldiak egiteko edo beka bidez ikasten jarraitzeko aukera emango diete gazteei.

Gazteengan zientziaren eta teknologiaren arloetako gaitasunak lantzea, bokazioak piztea eta zientzia eta teknologia alorreko pertsonak gazteei hurbiltzea dira ekimenaren helburu nagusiak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos