Gero eta gehiago kontsumitzen da botilako ura

Botilak dira ur botilaratuaren arazo nagusia.
Botilak dira ur botilaratuaren arazo nagusia. / DV

Azken urtean ia 61 litro edan dira pertsonako, EAE eta Nafarroa batez besteko horren azpitik daudelarik

M. IMAZ

Iturriko urak abantailak baino ez ditu: tokirik gehienetan kalitate onekoa da, merke ateratzen da eta, gainera, ez du hondakinik uzten. Hala ere, kanileko uraren kontsumoaren aldeko kanpainek ez dute lortu botilako urarena murriztea. Aitzitik, Espainiar estatuan krisialdiaren urterik gogorrenetan behera egin ostean, suspertzen ari da. 2016ko apiriletik 2017ko apirilera -hori da datuak zabaldu dituen Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak aintzat hartzen duen aldia- , 2.648 milioi litro saldu baitziren, inoizko zifrarik altuena.

Botilako uraren kontsumoa asko hazi da Espainiar estatuan azken bi hamarkadetan, 2000 urtean 1.453 milioi litro saldu baitziren. Nolanahi ere, kontsumoak behera egin zuen gehiengoarentzat gerrikoa estutzea ezinbestekoa izan zen 2009tik 2014ra bitarteko urteetan, baina badirudi botilako uraren kontsumoa susperraldi ekonomikoaren zantzuetako bat izan daitekeela, 2015ean goranzkoari ekin baitzion atzera.

2016-2017ko datuaren arabera, ia 61 litro botilako ur edan ziren pertsonako eta urteko Espainiar estatuan, litro bat pasatxo asteko, 2015-2016 aldian baino %5,4 gehiago. Adinaren eta familia motaren arabera, ordea, alde handi samarrak daude. Botilako ur gehien kontsumitzen dutenak haurrak dituzten hiru kidetik gorako familiak dira. Erretiratuek, berriz, guztizkoaren %18,3 kontsumitzen dute, nahiz eta pertsonako kontsumoa ez izan oso altua (60,4 litro pertsonako eta urteko). Askoz altuagoa da kontsumoa, 101 litrotik gorakoa, euren kasa bizi diren 'heldu independenteen' kasuan.

Motari dagokionez, gasik gabeko urak jarraitzen du merkatua menderatzen, kontsumoaren %97 suposatzen baitu. Ur gasduna, baina, merkatu-zatia irabazten doa, eta gasik gabearen hazkundea %4koa izan den bitartean gasdunarena %10ekoa izan da.

Jende gehienak (%55) supermerkatuetan erosten du ura, oso atzean gelditzen direlarik hipermerkatuak, discount estilokoak eta denda tradizionalak (%2,4 baino ez). Erkidegoka ere alde handiak daude. Botilako ur gutxien kontsumitzen dutenak Euskadi, Nafarroa, Errioxa eta Madril dira. Gehien kontsumitzen dutenak, berriz, Balear eta Kanariar uharteak, Valentzia, Katalunia eta Murtzia.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos