Gero eta gehiago jotzen dugu bazkalorduan lantokiko makinara

Gero eta gehiago jotzen dugu bazkalorduan lantokiko makinara
M. BARTOLOMÉ

Oro har, egun osoan zehar areagotu da makinetako produktuen kontsumoa, baina aparteko igoera izan du bazkaltzeko orduan

Fátima Báñez Espainiako Lan ministroa ez da lan-merkatuaren bilakerarekin pozez zoratzen dagoen bakarra. Lantokietan kafe, ur, freskagarri eta janari makinak dituzten enpresak ere gustura daude, zabaldu berri dutenez "lan-merkatuaren susperraldiak edari eta snacken kontsumoa handitu baitu".

Hala, kontsumo ohitura eta joerei buruzko ikerketak egin ohi dituen Kantar Worldpanel-ek zabaldutako datuen arabera, lanorduetan egindako mota horretako produktuen erosketak etxetik kanpo egindako erosketa guztien %14 izatera iritsi ziren 2016an, aurreko urtean baino %5 gehiago.

Lantokian gehien kontsumitzen diren makinako produktuak edari beroak dira, guztizkoaren %35 suposatzen baitute. Bigarren postuan, urruti samar %21,7rekin, ur botilaratua dago, eta hirugarrenean, salmenten ia %20arekin, opilak. Edari freskagarriek (%14,7), patata frijitu eta antzekoek (%3,6), zukuek (%2,5) eta gailetek (%1,6) osatzen dute zerrenda. Oso kopuru txikian kontsumitzen dira jogurt eta izozkiak (%0,6) zein fruitu lehorrak (%0,5).

Erosketa-momentuari dagokionez, gosaltzeko orduan hurbiltzen gara gehien makinara, salmenten %31,6 ordu horietan pilatzen baitira. Arratsaldea (%23,1) eta bazkalaurrea (%16,6) dira beste bi puntako uneak. Beste momentu bat ari da ordea nabarmentzen azken hilabeteetan: bazkalordua. 2017ko lehen hilabeteetan %12 hazi da kontsumoa tarte horretan, eta guztizkoaren %9a izatera heldu da. "Tarte horretan sortzen diren beharrak asetzeko moduko produktu berriak merkaturatzeko aukera eskaintzen die enpresei joera berri horrek", adierazi du Kantar Wordpaneleko Out of Home Sector ataleko zuzendari Edurne Urangak.

Laneko kontsumoaren bizkortzea horrela erosketa egiteko orduan ohikoenak diren bi kanalak ari da suspertzen: produktuen %48 erosten diren 'vending' makinak eta supermerkatuak (%26). Bi kanal horietan hazi da gehien hain zuzen mota horretako produktuen salmenta. 2017ko lehen hilabeteetan, 25,1 milioi pertsonak erosi bide dute supermerkatuan etxetik kanpo kontsumitzeko edari edo snacken bat. 15,6 milioik 'vending' makinetan egin dute beste horrenbeste.

"Ekonomiak eta lan merkatuak hobera egin ahala, lantokian bertan egiten diren erosketak gero eta garrantzitsuagoak izango dira. Horrenbestez, ezinbestekoa izango da kanal eta markentzat kontsumitzeko mota horri egokitutako produktu eta formatuak sortzea", ondorioztatu du adituak.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos