Borrar
Lan berdina egiteagatik, eta EAEko batez besteko datuei kasu eginda, eskuineko langileak 123 euro gehiago irabaziko ditu hilean. A.F.
Gaztetatik nabaritzen dute neskek urrun dagoela berdintasuna

Gaztetatik nabaritzen dute neskek urrun dagoela berdintasuna

Eremu profesionalean nabarmenak dira diferentziak, Gazteen Euskal Behatokiak jasotako datuen arabera. Azken urteotan handitzen doa gazteen artean arazoaren inguruko kontzientzia

Miércoles, 7 de marzo 2018, 13:11

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

16 eta 29 urte bitarteko emakumeen % 51k aldi baterako kontratua du EAEn. Gizonen artean % 38,2ra jeisten da ehunekoa. Lanean ari diren emakume gazteen % 48,9k lanaldi partzialean lan egiten du; gizonen artean % 22,1 daude egoera horretan. 30 urtetik beherako emakumeek, batez beste, 1.119 euro kobratzen dituzte hilean; adin-tarte bereko gizonek, lanaldi beragatik, 1.242 euro.

Lan munduan emakume eta gizon gazteen artean dauden diferentzia nabarmenak islatzen dituzten datu esanguratsu eta argigarri horiek Gazteen Euskal Behatokiak bildu ditu, eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria Zuzendaritzak hedatu ditu, erakusteko, horren berri emateko zabaldu duten oharrak dioenez, EAEko gazteek "sexuagatiko desberdintasunak hautematen jarraitzen dutela". Azterlanak erakusten du, halaber, handitzen ari dela azken urteetan gazteen artean diskriminazio mota horren inguruko kontzientzia.

Hiru arlo hartu dira aintzat azterlanerako: etxeko lanen banaketa, etxetik kanpoko lana eta genero-indarkeria. Etxeko lanen banaketan dezente aldatu dira gauzan azken urteetan, nahiz eta badiren oraindik etxeko lanak emakumeen kontua direla uste duten neska gazteak. Bikotean bizi diren emakume gazteen artean, % 22k hala uste dute oraindik. Hala ere, kasu honetan, 2008aren aldean, murrizketa nabarmena egon da etxeko lan guztiak edo gehienak beren gain hartzeko erabakia hartzen duten emakumeetan, orduan bikotean bizi ziren gazteen %48 baitziren hori erantzuten zutenak, eta orain %22, erdia baino gutxiago.

Bikoteak bizi diren neska 30 urtetik beherako nesken %22k normaltzat jotzen duten etxeko lan denak euren gain hartzea. Orain dela 10 urte, %48 ziren

"Seme-alaba eta familiartekoen zaintza-lanen kontsiderazioak lan ordainduen kontsiderazioaren azpitik egoten jarraitzen du, baina gora egin du azken urteetan", esan du Ander Añibarrok. "Gazteen erdiak baino gehiagok (% 54) uste dute etxetik kanpo lan egitea gogobetegarriagoa dela seme-alabak edo beste senide batzuk zaintzea baino; % 19k kontrako iritzia du, eta % 21ek uste du bata zein bestea direla gogobetegarriak. Guraso izateak aldatu egiten du pertzepzio hori eta zaintza-lanak lan ordainduaren errekonozimendu bera lortzen du". Lana inkestetan oinarrituta egin da, eta adierazten du "zaintza-lana etxetik kanpoko lana bezain gogobetegarria edo gogobetegarriagoa delako ideiak bederatzi puntu egin dituela gora 2012tik 2016ra.

Etxetik kanpoko lana

Lan munduan are nabarmenagoak dira diferentziak. "Emakume gazteek adin bereko gizonek baino lan-ezegonkortasun handiagoa bizi dute; aldi baterako kontratu gehiago dituzte, lanaldi partzialean egiten dute lan gehiago, soldata baxuagoak kobratzen dituzte eta enplegua galtzeko edo beren lan-baldintzek txarrera egiteko arrisku gehiago antzematen dute. Horretan lan handia dugu gizarte osoak egiteko, eta enpresa eta erakundeok horretan egon behar dugu", esan du, laburpen gisa, Ander Añibarrok.

Azterlaneko datuen arabera, "16 eta 29 urte bitarteko emakumeen % 51k aldi baterako kontratua du. Gizonen artean, ostera, % 38,2k. Lanean ari diren emakume gazteen % 48,9k lanaldi partzialean lan egiten du (gehienetan beren borondatearen kontra; adibidez, lanaldi osoko lanik aurkitu ez dutelako). Bestetik, gizonen artean % 22,1 dira".

Gazteen Euskal Behatokiaren lanak adierazten du "lanaldi osoan, emakumeen artean lanaldi partzialen kopuru handiagoaren intzidentzia saihesteko, 30 urtetik beherako emakumeek, batez beste, 1.119 euro kobratzen dituztela hilean. Adin-tarte bereko gizonek, lanaldi beragatik, batez beste, 1.242 euro.

16 eta 29 urte bitarteko emakume langileen artean % 25,8k lana galtzeko arrisku handia hautematen du; beste % 10,0k uste du lana ez duela galduko, baina lana prekario bihurtzeko arriskua dagoela aurreikusten du. Lanean ari diren gizonen artean, ostera, % 21,5ek uste du lana galtzeko arriskua duela eta beste % 7,6k bere lan-baldintzak okertzeko arriskua hautematen du. Guztira, emakume gazteen % 35,8k sentitzen du lana galtzeko edo lan-baldintzak okertzeko arriskua. Adin bereko gizonen artean % 29,1 dira".

Gauzak horrela daude, gazteak ederki asko konturatzen dira, eta gaiaren inguruko kontzientzia-mailak gora egin du azken urteotan. 16-29 urte bitarteko gazteek, hain zuzen, sexuagatiko lan-baldintzen desberdintasunak hautematen jarraitzen dute, baita lanpostu bat lortzeko orduan eta etxeko lanak banatzeko orduan ere. Neskek mutilek baino hein handiagoan antzematen dituzte. "Lau gaztetik batek (% 24) uste du, prestakuntza eta esperientzia berarekin, gizon batek emakume batek baino aukera gehiago dituela lanpostu bat lortzeko. Askoz gutxiago dira emakumeek aukera gehiago dituztela uste dutenak (% 9)", nabarmendu du Añibarrok. Gazteria zuzendariak azaldutakoaren arabera, "gizonek lanpostu bat lortzeko aukera gehiago dituztelako ideia zabalduago dago emakumeen artean, 2008an emakumeen artean % 23k uste zuen lanpostua lortzeko bereizketa zegoela, uste baitzuten gizon batek emakumeak baino aukera gehiago zuela, sexua dela eta, lana lortzeko; 2016an, berriz, ehuneko horrek gora egin du, eta % 28k uste du hala".

Genero-indarkeriari dagokionez, Gazteen Euskal Behatokiak eginiko inkestan aintzat hartu diren tratu txarren sei moduetatik, bikotea sexu-harremanak izatera behartzea da larrientzat hartzen dena; gazteen % 97k dio oso larria dela, eta % 90ek baino gehiagok oso larritzat jotzen du, halaber, etxetik irtetea debekatzeari (% 91) eta mehatxu egiteari (% 91).

Gehiengoa dira, halaber, bikoteari eginiko mespretxuak ere oso larritzat jotzen dituztenak (% 74), gauzak esaten ez uztea (% 69) edo iraintzea (% 60). Aintzat hartu diren indarkeria-mota larrienetan ez dago desberdintasun handirik gizon eta emakume gazteen artean, baina emakume gazteen artean antzematen da emakumeen ustez larriagoak direla gizonen ustez baino.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios