Gazteak euskararen inguruan kontzientziatzeko topaketak izango dira urrian

5 eta 18 urte bitarteko gazteak elkartuko dira topaketan
5 eta 18 urte bitarteko gazteak elkartuko dira topaketan / EFE

Orioko Itxaspe baserrian izango da 'Salto! Gazte Topaketa', udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutu eta beraien artean euskara oinarri hartuta saretzeko asmoz

DVDonostia

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) hezkuntza proiektuak eskolatik kanpo ere bidea egiteari ekiteko, Salto! Gazte Topaketak antolatu ditu, gazteak euskal hiztun gisa "sentsibilizatu, kontzientziatu, aktibatu eta ahalduntzeko". Euskaraz bizitzea eta euskararen arnasa zabaltzeko agente bilakatzea sustatu nahi dute.

Udalak euskaldundu arren udalerriak erdalduntzen ari direla ohartuta, herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa izan da UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen mankomunitateak duela bi urte, eta amaitu berri den ikasturtean UEMAko herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua bere osotasunean garatzeko antolatu ditu gazte topaketaok UEMAk. Urriaren 20tik 22ra izango dira, Orioko Itxaspe baserrian, eta udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzea eta beraien artean euskara oinarri hartuta saretzea da asmoa. 15 eta 18 urte arteko gazteak bilduko dira topaketetan, eta hiru egunetan hainbat ekimen eta ekitalditan hartuko dute parte lagunartean, begirale eta sukaldariekin batera.

Azken batean, euskaraz bizi diren gazteek "inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea" dute helburu, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau "erakargarriarekin", gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, "ahalduntze kolektiborako urratsa" ematea espero dute antolatzaileek topaketa hauekin. Maddi Gallastegi UEMAko hezkuntza teknikaria izango da topaketen koordinatzailea.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos