Garuneko lesioa duten haurren famili-egoerak, mahai gainera

Ioana Ossa saria jasotzen/EHU
Ioana Ossa saria jasotzen / EHU

Ioana Osa Etxebeste saritu dute 'Paulekin bizitzea. Garuneko lesioa duen seme/alaba batekin izandako esperientzia berrosatzen' lanagatik. Bertan, zaintzaile zein zaindutakoekiko eskuhartzeetan hobekuntzak proposatzea bilatu du

DV

Ioana Osa Etxebeste izan da irabazlea 'Izaskun Heras Prado' sariaren II. deialdian, desgaitasun, hezkuntza inklusibo eta hezkuntza premia berezien esparruan egindako master amaierako lanetan. Sari hori Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegarritasunaren arloko Errektoreordetzak antolatzen du urtero Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuaren bitartez. EHUko 'Ikasketa Feministak eta Generokoak' masterreko ikaslea da Osa. Txelo Ruiz Vazquez Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak eta Montse Maritxalar ikasleen zuzendariak entregatu zuten saria Arabako Campuseko pabiloian egindako ekitaldian.

Lanak, 'Paulekin bizitzea. Garuneko lesioa duen seme/alaba batekin izandako esperientzia berrosatzen' izenburukoak, gurasoen bizipen, oztopo eta erronkak jasotzen ditu garuneko lesioa duen seme edo alaba bat jaiotzen denean, eta haur hori sortuz geroztik zabaldutako prozesua, betiere genero eta eskubideen ikuspegitik hartuta.

"Ikerlan hau egin da garuneko lesioa duten 6 urtetik beherako haurrak dituzten gurasoek bizitutako esperientziak partekatu beharra dagoelako egoera edo arazo hori hobeto uler dadin, eta helburu nagusia du zaintzaile zein zaindutakoekiko eskuhartzeetan hobekuntzak proposatzea. Horretarako, ikerketa kualitatibo bat egin da oztopo eta erronka horiek bizitzen dituzten pertsonen testigantzetan oinarrituta, eta neu naiz pertsona horietako bat, garuneko lesioa duen 5 urteko haur baten ama bainaiz", azaldu du sarituak.

Ioana Osak ibilbide azkar bat egin du garuneko lesioa duten bi haurren familiek izandako etapetan barrena bere lanean, harik eta "egonkortasuna" deituko litzatekeen etapara iritsi arte. Familiek prozesu luzea eta mingarria jasan behar izaten dute, irregulartasunak sortu dituena, eta lanak irregulartasun horietako batzuk izan ditu aztergai, salaketa egitea hizpide. Hala ere, lanaren asmo nagusienetakoa izan da, batez ere, erakustea haur hauen amen bizitza eta, zehazki, amen proiektu eta bizi kalitatearekin erlazio zuzena duten konfliktoak, azken finean haiek baitira haur horien zaintzaile nagusiak.

EHUko ikasleak ondorioztatu duenez, "ez dago zerbitzu integralik, ezta protokolo argi bat ere haurren garuneko lesio kasuen aurrean euskal administrazioen aldetik (osasun eta gizarte zerbitzuen aldetik), ez dugu haur horiek zaintzeko behar adinako zerbitzu publiko koordinaturik, hortaz, estatuak familiaren esku uzten du edo, bestela esanda, familiak bere burua behartuta ikusten du zaintza hori bere gain hartzera, zaintza horrek gainezkatuta eta menperatuta gelditzeko arriskua du senitarteak, senideen eta batez ere amen proiektuetan eta bizi kalitatean eragin ditzakeen ondorioak kontuan hartuta".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos