Garapenaren inguruko argitalpen berria sortu dute euskaraz

Lehen argitalpen-sorta eskuragarri dago Hegoa Institutuko webgunean/
Lehen argitalpen-sorta eskuragarri dago Hegoa Institutuko webgunean

Hegoak Zabalduz-ekin "Jaurlartitzari eskatzen diot Hezkuntzako curriculumaren barruan Garapenerako Lankidetza sar dezala", esan du San Martinek aurkezpenean

Hegoak-ek, EHUko Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutuak, onlineko argitalpen berria sortu du: Hegoak Zabalduz. Nagusiki, garapenaren inguruko gaiak jorratzea du helburu, nortasun dibulgatzaile batekin eta euskara hutsean. Prentsaurrekoan izan dira, Fernando San Martin, Lankidetza zuzendaria, Irati Labaien, argitalpenaren zuzendaria eta Karlos Perez de Armiño Hegoak-eko zuzendaria.

Aurkezpenean argitu dutenez, "jakina da, azken garaiotan, testuinguru politiko, sozial, ekonomiko eta ekologikoen etengabeko eraldaketa bizi duguna; aipagarriak dira, besteak beste: ingurugiroan egindako kalteak eta honen ondorioak, gerrate desberdinak direla bide sortutako errefuxiatuen krisia, generoari loturiko gaiak, edota desberdintasunen areagotzea. Honekin batera, historikoki erabili den hego-ipar banaketa ere kolokan jarri du hainbatek, garapena herrialde ororen ardura dela aldarrikatuz".

Guzti hau kontuan izanda, Hegoak ezinbestekotzat jotzen du tokiko gazteengan gai hauen inguruko gogoetak astintzea, bestela esanda, gazteengan hausnarketarako sena piztea. Garapenerako Hezkuntzaren bidez, gazteria kritiko eta eraldatzaile bat sustatu nahi du. Horixe da hain zuzen ere Hegoak Zabalduz argitalpenaren nahia: unibertsitate mailan dauden ikasleentzat ez ezik, erdi mailako zikloetako nahiz batxilergoko ikasleentzat ere gai hauen inguruko materiala eskuragarri jartzea.

San Martinek azpimarratu du gaur aukezten diren materialen kalitate eta balio handia bereziki hezkuntzan erabiltzeko. Ildo horretan, kooperazio sarean dagoen belaunaldien arteko etenari buruzko hausnarketa egin du. Horregatik, Aldundiak beka programa bat jarri du martxan gazte kooperanteei zuzenduta, hegoaldeko herrialdeak ezagutu eta bertan esperientzia aparta bizi dezaten; "izan ere, ziur egon bizitza aldatzen zaiola kooperazio mundua ezagutzen duenari eta baita ere bere inguruko errealitateari begiratzeko modua", esan du eta Jaurlaritzari eta bere Hezkuntza Sailari eskatu dio hezkuntzako curriculumaren barruan Garapenerako Lankidetza sar dezaten. "Ez da nahikoa lankidetza alorreko agentziak, zuzendaritzak, zinegotzigoak…edukitzea, beharrezkoa baita gai hau, zeharka, eguneroko gaia izatea gure gazteen artean, beraiek baitira, edo izan behar dute, solidaritatearen etorkizuna, baina, batez ere, solidaritatearen oraina", esan du.

Argitalpenari dagokionez, urtero bost ale argitaratuko dira, EHUko irakasle eta ikerlariek idatzita. Lehen argitalpen-sorta honetan, dagoeneko bost ale eskuragarri daude Hegoa Institutuko web orrian (www.hegoa.ehu.eus).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos