Festa giroan amaituko da Bernat Etxepare Lizeoan 'Hazten gaitu, hazten dugu' kanpaina

Bizpahiru urte barru emango dute fruitua sagarrindoek,/JOSÉ MARI LÓPEZ
Bizpahiru urte barru emango dute fruitua sagarrindoek, / JOSÉ MARI LÓPEZ

Larunbatean, hilaren 10ean, jarriko zaio amaiera Baionako lizeo berrian bertan sagarrondoen salmentan oinarritu den ekimen arrakastatsuari

Baionako Bernat Etxepare lizeoaren eraikin berria hornitu ahal izateko, kanpaina guztiz berezia abiarazi zuten 2016ko maiatzean. Izan ere, ateak 2017-2018 ikasturtearekin batera ireki zituen lizeoa da Iparraldean maila horretako hezkuntza euskarazko murgiltze ereduan eskaintzen duen ikastetxe bakarra, eta aurreko mailetan Seaskaren hazkundeak ez duenez etenik, 15tik 18 urtera bitarteko ia 300 ikasleri ikastetxe handi, moderno eta ongi hornitua eskaintzea ezinbestekoa zuen Seaskak. Horretarako 300.000 euro behar zituzten, eta dirutza handi hori lortzeko sagarrondoak saltzea bururatu zitzaien.

Hala, orain dela ia bi urte 'Hazten gaitu, hazten dugu' kanpaina jarri zuten abian. Euskararen zenbait sagardi ekarri dituen ekimena amaitu da, eta festa giroan itxiko dute datorren larunbatean, martxoak 10, Lizeoko ateak irekita eta egun osoko egitaraua prestatuta.

"Kanpaina biziki polita eta aberasgarria izan da lizeoko partaide guzientzat, izan ikasle, guraso, langile edota irakasle", zioten otsailean festa iragartzeko zabaldu zuten oharrean, aitortuz, hala ere, milaka euro batzuk falta zitzaizkiela hasiera batean finkatutako helburura iristeko. Hori dela eta, martxoaren 10era arte jarraituko dute sagarrondoak saltzen, datorren neguan egingo dutelarik azkeneko entrega.

Datuek, dena den, ekimenak izan duen hedapen zabalaren berri ematen dute. Hala, 2.500 sagarrondo banatu dituzte. Sagarrondoa erosten zuenak bi aukera zeuzkan: berak landatu edo Baionan landatzeko utzi. Azkenean, 600 landatuko dira Baionan bertan, 12 euskararen sagardi sortu dira (gehienak Iparraldeko herrietan), eta enpresa, ikastola eta norbanako askok zuhaitz bat baino askoz gehiago den sagarrondoa euren lorategi edo eremuan landatzea erabaki dute.

3.700 laguntzaileri esker izan da posible Hegoaldeko zenbait herritaraino heldu den kanpaina. Denetariko 40 ekitaldi ere antolatu dira kanpainaren inguruan, eta 45 udalen eta 110 ikastola, elkarte eta enpresaren laguntza izan dute. Horren emaitza bertatik bertara ezagutu ahal izateko zabalik izango ditu Bernat Etxepare lizeoak ateak datorren igandean. Goizeko 9:00ak geroztik ezagutu ahal izango da Lizeoa, eta 10:00etan landatuko da 'Euskararen sagartzea'. Hortik aurrera, ez da egitekorik faltako gauera arte.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos