Jo! Fest Diseinu eta Sormen Jaialdiak 400 parte hartzaile bildu nahi ditu Gasteizen

Urriaren 6an eta 7an egingo dute jaialdia
Urriaren 6an eta 7an egingo dute jaialdia / Europa Press

Ekintza gehienak Europa jauregian, ZAS eta Zuloa espazioetan egingo dira "hiriko gune ezberdinetatik barreiatu" nahi dutelako "diseinua zein sormena"

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Jo! Fest Diseinu eta Sormen Jaialdia urriaren 6an eta 7an egingo dute Gasteizen. Antolatzaileek 400 parte hartzaile bildu nahi dituzte diseinatzaileen lana ikustarazteko propio sortutako jaialdiaren bigarren edizioan, aurkezpenean azaldu dutenez.

"Erronka handia da, baina aurreko urtean, egiten genuen lehen aldian, 150 lagun batu genituenez, apustu sendoago bat egitea erabaki dugu", azaldu du Irene Beitialarrangotiak, ARTgia aretoan astearte honetan egindako aurkezpenean.

Jaialdia diseinatzaileak eta haien lana ikustarazteko jaio zen, bai eta sinergiak sortu eta aintzatespena emateko ere. Horretarako, hitzaldiak, tailerrak eta kolaborazioak prestatu dituzte egitarau "osatuagoa eta zabalagoa" eskaintzeko asmoz. Ekintza gehienak Europa jauregian izango dira, baina ZAS eta Zuloa espazioetan ere izango dira jarduerak, "hiriko gune ezberdinetatik barreiatu nahi dugulako diseinua zein sormena".

Jo! Fest jaialdiak diseinuaren, ilustrazioaren, animazioaren eta ikuskizunetako adituak batuko ditu, sormenaren ondorio sozial eta ekonomikoen inguruan hausnartzeko. "Ideia laborategi erraldoia izango da eta sektore komertzialak, hau da, ekonomiak, bere tartea izango du", esan dute.

Urriaren 6an hasiko da jaialdia, Susana Blascok eta Mayra Monroek ZAS eta Zuloa guneetan eskainiko dituzten tailerrekin, hurrenez hurren. Egun berean, Amaia Arrazolak horma irudi bat egingo du Gasteiz erdialdian. Urriaren 7an, aldiz, ekintzak Europa jauregian egingo dira, eta hitzaldi eta ponentzien unea izango da. Besteak beste, Rebeka Arce, Zahira Montalvo eta Javi Prieto ariko dira, beste gonbidatu batzurekin batera.

Halaber, aurtengo jaialdiak "design market" anitz bat izango du Europa jauregian bertan, eta hitzordua Alde Zaharreko taberna batean egingo den jaiarekin itxiko da.

Egitaraua, parte hartzaileak edo hitzaldien ordutegiak www.jofest.org webgunean ikus daitezke.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos