Fermin eta Fermina, santu beltzaranaren izen ahaztuak

Neska-mutikoak prozesioan zihoan santuari begira. / Eloy Alonso/Reuters

Hamarkada honetan neska bakar bati ere ez diote jarri Fermina izena, eta 189 mutiko bakarrik inskribatu dituzte izen horrekin

M. IMAZDonostia

Santu kontuetan adituak ez direnen artean ere munduko santurik ezagunenetakoa izango da San Fermin. Nortasun agirietatik, baina, desagertzen ari da, baita Nafarroan bertan ere, IV mendeko martiriaren izena. Emakume-izen Fermina, zer esanik ez. Fermina izeneko martiri eta santu bat ere izan omen zen mende bat lehenago, III.ean, Italiako Amelian, baina Eliza Katolikoaren santutegian ez denez azaltzen, pentsatzekoa da gehiago zor diotela mundu honetako Fermina urriek santu nafarrari Dioklezianoren biktima italiarrari baino.

Kontua da INEren datu-basearen arabera 16.079 Fermin baino ez daudela Espainiar estatuan, horietako 1.555 Nafarroan, non 1.000 gizonezkotik seik daramaten izen hori. Bitxikeria gisa esan daiteke Gipuzkoan 509 Fermin daudela (mila gizonezkotik, 1,6 deitzen dira horrela).

Fermin deitzen diren gizonezkoak ez dira gazte-gazteak, 56,7 urtekoa baita horien batez besteko adina, iragan mendeko 60ko hamarkadako loraldiaren eraginez. Izan ere hamarkada horren lehen urteetan jo zuten gaina Ferminen aldeko hautuek -3.219 pertsona inskribatu zituzten izen horrekin-, baina berehala hasi zen gainbehera azkarra.

Alabei Fermina izena jartzeko ohitura lehenago iraungi zen: 3.964 Fermina daude, eta horien batez besteko adina 70 urtekoa da. Kasu honetan, Nafarroa ez da nagusi, Badajoz baizik, probintzia horretan 433 Fermina baitaude, eta 173 Nafarroan. Gipuzkoan, berriz, 58 Fermina daude, 1940 baino lehenago jaioak 48.

Azken zazpi urteei erreparatzen bazaie, 2010 urtetik aurrerako erregistroei alegia, Fermin galzorian eta Fermina galduta daudela esan daiteke. Hamarkada honetan, alegia, neska bakar bati ere ez diote jarri Fermina izena, eta mutilei ere gutxi, 189 mutiko inskribatu baitituzte bakarrik Estatu osoan izen horrekin. Gehienak, 39, Nafarroan, ondoren Madril (14), Granada (13) eta Sevilla (12) datozela. Hala eta guztiz ere, gora San Fermin!

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos