Borrar
LGTB familien europar topaketako irudia REUTERS
Familia harremanetako hainbat definizio moldatu nahi ditu Euskaltzaindiak

Familia harremanetako hainbat definizio moldatu nahi ditu Euskaltzaindiak

Genero ikuspegia txertatu eta 'aitaginarreba' edo 'infanta' tankerako hitzen definizioak gaurkotuko dituzte, hilabeteko epean kontrakorik ez bada

dv

Sábado, 6 de enero 2018, 08:59

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Euskaltzaindiak familia harremanek gaur egun duten errealitatera moldatu nahi ditu hainbat definizio, eta dinastia kontuetan ere aldaketa proposamenak egin ditu. Orain, euskaltzain osoek hilabeteko epea izango dute proposamen horiei oharrak egiteko, eta, kontrakorik ez bada, ontzat eman eta hiztegian aldatuko dira.

Akademiak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, joan den abenduaren 22ko osoko bilkuran Euskaltzaindiaren Hiztegian egin beharreko zuzenketak aurkeztu ziren, hain zuzen, azken urtean egindako hainbat zuzenketa eta osatze lan, bigarren argitalpenaren ondoren egindako berrikuspenaren ondorio izan direnak.

Horrela, asko eta asko izan dira hilabeteotan landutako gaiak, baina arreta berezia jarri zaio genero berdintasunaren kontuari. Izan ere, Akademiaren arabera, "lehenengo itzulitik zetozen sarrerak dira gehienak, eta gizartea aldatuz doan bezala, forma horien definizioak ere aldatu egin dira".

Horiek horrela, familia harremanetako gaur egungo errealitatera moldatu dira hainbat definizio; adibidez, aitaginarreba lehen "senarraren aita emaztearentzat, edo emaztearena senarrarentzat" definitzen zena, oraingo proposamenean "ezkontideetako baten aita beste ezkontidearentzat" gisa jaso da, edo errain, lehen "semearen emaztea" zena, orain "semearen edo alabaren emaztea" gisa jasotzea proposatu da, gizarte ereduaren aldaketa hiztegira ekarrita.

Halako hainbat egokitzapen egin dira familia loturen aldetik, eta, horiekin batera, dinastia kontuetan ere egin dira aldaketa proposamenak. Esaterako, infanta "erregearen alaba, erreginagaia ez dena" gisa zegoena, "monarka baten alaba, erreginagaia ez dena" egitea proposatu da orain.

Aldaketa hauek eta beste batzuek aztertu eta oharreztatu ditu Euskaltzaindiaren Batzorde Ahaldunduak, eta horiek guztiak aurkeztu dira osoko bilkuran. Orain, hilabeteko epea dute euskaltzain osoek zerrenda horiei oharrak egiteko, eta, kontrakorik ez bada, proposamenak ontzat eman eta hiztegian aldatuko dira.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios