Ezohiko isurketei buruzko 449 jakinarazpen jaso zituen URAk iaz

Honela gelditu zen Amezketa ibaia joan den abenduan isurketa baten ondorioz./EGUZKI
Honela gelditu zen Amezketa ibaia joan den abenduan isurketa baten ondorioz. / EGUZKI

Isuritako kutsadura karga ia osoa baimendutako 2.384 gunetan egin zela adierazi du Ernesto Martínez de Cabredo URAko zuzendari nagusiak

Astearte honetan Bilbon egin den 'Ikuskaritza, isurketa-kontrola eta ingurumena babesteko ekintzak Euskadin' jardunaldi teknikoan Ernesto Martínez de Cabredo URAko zuzendari nagusiak azaldu duenez, EAEko jabetza publikoan isuritako kutsadura karga ia osoa baimendutako 2.384 isurketa gunetan egin zen 2017. urtean.

Hala ere, izan ziren arautu gabeko edo istripuzkoa isurketak. Iaz, ibai, itsasadar eta kostaldean atzemandako ezohiko isurketen berri emateko 449 jakinarazpen jaso zituen URAk. Haietako batzuk ingurumenean erasan nabarmena izan zuten, eta %5ean, 23 gertakaritan, arrain hilak atzeman ziren.

«Lan horretan, uraren hiri zikloan, ezinbestekoa dugu isurketen kontrolean eta ingurumena babesteko ekintzetan zeresanik duten eragile anitzen arteko koordinazioa», esan du Martínez de Cabredok Euskadiko ur patzuergo eta erakunde kudeatzaileetako, udaletako, aldundietako, osasun publikoko, ingurumen ikuskaritza zerbitzuko, Ertzaintzako eta Uraren Euskal Agentziako teknikariek parte hartu duten jardunaldian.

Hurbileko jarraipena

Bertan nabarmendu dute isurketa gehien-gehienak kontrolpean egiten direla. Horien jarraipena egiteko, titularrek jarraipen programak bete eta informazioa helarazi behar diote URAri. Urtean 15.000 laginei egiten zaie jarraipena eta, era berean, URAko ikuskapen zerbitzuak 3.500 ikuskatze egiten dituzte baimenetan ezarritako baldintzak betetzen ote diren ziurtatzeko.

Gaur egun, baimendutako isurketen portzentaje handia industrialde edo bizitegi guneetan egiten dira, alegia, hiri lurzoru sailkatutakoetan. Beraz, tokiko edo eskualdeko saneamendu sarera konektatuta beharko luketen lurzoruak dira. Horregatik, EAEko hondakin urak ondo kudeatzeko erronkarik garrantzitsuenetakoa da ibai eta kostaldera doazen isurketa baimenduak murriztea. Hori lortzeko, hondakin urak eskualdeko saneamendu sistemetara bideratzea ezinbestekoa da, URAk jakinarazi duenez.

Aldi berean, baimendu gabeko isurketak identifikatzen eta murrizten jarraitu behar da, eta, bereziki, arautu gabeak edo istripuzkoak atzeman, aztertu eta zigortzen.

Ernesto Martínez de Cabredok gogorarazi duenez, «jakinda isuritako kutsadura kargaren jatorria hiriguneetan dagoela, alegia, populazio eta ekintza ekonomiko nahiko izateagatik bertako hondakin urak bildu eta isurketa gune bakarreko araztegi batera bideratzeko aproposak diren zonaldeetan, isurketen kontrolaz gain, isurketa horiek hirigune horietako kolektoreetara bideratzen jarraitu behar dugu Euskadin».

Azkenik, URAko zuzendari nagusiak adierazi duenez, «ur masen egoera ekologikoa lortuko badugu, garrantzitsua da erkidegoko lurralde osoan saneamendua kudeatzeko erakunde profesionalak izatea: bere hirigunean isurketak biltzeko lanak egiteko, gure ibai eta kostaldeetan isurketa gunea murrizteko eta baimendutako isurketaren kalitatea bermatzeko«

.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos