Ezinbestekoak dira hiriak euskararen erabilera sustatzeko

Ezkerretik eskuinera, Eneko Goia, Joseba Asiron, Gorka Urtaran eta Juan Mari Aburto./IREKIA
Ezkerretik eskuinera, Eneko Goia, Joseba Asiron, Gorka Urtaran eta Juan Mari Aburto. / IREKIA

Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko alkateek bat egin dute Euskaraldiarekin, eta adierazi dute ahaleginak egingo dituztela hiriburuak euskara erabiltzeko gune erosoak izan daitezen

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte izango da abian Euskaraldia Euskal Herri osoko ehunka udalerritan. Euskararen erabilera eta hiztunen aktibazioa bultzatzeko, ohituretan eragin nahi du Euskaraldiak, 11 egunez euskara era aktiboagoan erabiltzea ariketa horrek 12. egunetik aurrera eragina izan dezan. Momentu honetan, 350 udalerrik egin dute bat Euskaraldiarekin, horien artean Euskal Herriko zazpi lurraldeetako hiriburuak: Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Baiona, Donibane Garazi eta Maule. Orobat, Euskal Herri osoko 10.000 biztanletik gorako udalerri guztietan Euskaraldia antolatzeko lan-taldeak daude.

Hiriburuen konpromiso horren lekuko, asteazken honetan Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko alkateek 'Euskaraldia: 11 Egun Euskaraz' ekimenaren aldeko atxikimendua agertu dute Donostiako Miramar jauregian egindako agerraldian. Era berean, haien apustua nabarmendu dute hiriburuak protagonista izan daitezen euskararen erabilera sustatzeko bidean.

Juan Mari Aburtok, Eneko Goiak, Gorka Urtaranek eta Joseba Asironek azpimarratu dute Euskaraldia lagungarria izango dela hiriburuek erabilera sustatzeko eta hiztunak aktibatzeko egiten duten lana irmotzeko. «Hiriburuek, euskararen lurraldeetako hirigune nagusiek, gune eroso eta abegikorrak izan behar dute euskararen erabilera bultzatzeko bidean. Euskaraldia ekimena oso lagungarria izango da norabide horretan», adierazi dute.

Euskaraldia abian jartzeko bost hilabete baino zertxobait gehiago falta denean, alkateek azpimarratu nahi izan dute hiriburuen garrantzia euskara sustatzeko bide horretan, «daukaten garrantziagatik eta lurralde osoan duten eraginagatik». Haiekin batera izan dira gaurko aurkezpenean Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidentea. Ekitaldia Arrate Illarok, Euskaraldiko koordinatzaileak, gidatu du, eta ingurune handien Euskaraldiaren aldeko apustua txalotu du.

«Euskararen erabileran urratsak eman nahi baditugu ezinbestekoa da hiriak praktika berrietarako eremu eroso bilakatzea. Izan ere, Euskal Herriko populazio gehiena hirietan bizi da edo hirietara mugitzen da. Hortaz, eguneroko ohiko harremanak zein harreman berriak hirietan gertatzen dira. Gaur esan dezakegu 10.000 biztanletik gorako udalerri guztiek egingo dutela bat Euskaraldiarekin, horietan guztietan daude Euskaraldia antolatzeko lan-taldeak», adierazi du Illarok.

Donostia, Euskararen Hiria

Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu du «errealitate sendoa» duela euskarak Gipuzkoako hiriburuan, nahiz eta erabilerari dagokienez oraindik ere pauso berriak eman behar diren: «Donostia Euskararen Hiria da. Aspaldi eman zitzaion izendapen hori, eta orain berresteko moduan gaude. Gainera, indarrez azpimarratu nahi dugu. Ezagueraz ari garela, errealitate sendoa daukagu; alabaina, erabileran dago gure erronka. Donostiako kaleetan euskarak badu lekua, baina beste esparru, leku eta eremu guztietara hurbiltzea da gure erronka: lantokira, jolas-parkera, gazteen lokaletara, kirolera... Bizitzaren harreman-sare guztietara, alegia».

Juan Mari Aburto alkateak azpimarratu du Bilbok euskararen alde egin duen apustua, bai eta hirigune nagusien garrantzia ere. «Hiriak funtsezko espazioak gara euskararen erabilera sustatzeko eta hiztunak aktibatzeko. Horregatik, Euskara Sustatzeko Ekintza Planean buru-belarri ari gara lanean Bilboko Udalean. Eta hiru helburu estrategiko hauek ditugu: euskararen transmisioa, erabilera soziala eta hizkuntzaren kalitatea», adierazi du. Alkateak, halaber, nabarmendu du hiria «gero eta leku egokiagoa» izango dela euskara erabiltzeko: «Bilbo eta euskara lotu-loturik daude. Neure konpromisoa agertu gura dut hemen, herritar guztiekiko konpromisoa, Bilbo euskara erabiltzeko gero eta leku egokiagoa izan dadin… Eta Euskaraldia, ildo horretatik, konpromiso argia da».

Gorka Urtaranek, bestalde, azaldu du Gasteizek lan egiten duela «herritar bakoitza Arabako hiriburuan bere hizkuntzan bizi ahal izateko; Udalak hizkuntzaren erabilera eremu pertsonalean, sozialean eta ofizialean sustatzen du». Alkateak Gasteizen euskarak izan duen bilakaera ere azpimarratu du. 1981ean euskaldunen ehunekoa hirian % 3koa zen, eta 'ia euskaldunena' (hiztun pasiboak) % 11koa. Eustaten azken datuen arabera, 2016an ehuneko horiek % 27ra eta % 20ra igo ziren, hurrenez hurren. Denbora-tarte horretan euskaldunak eta 'ia-euskaldunak' 26.000tik 110.000ra igo dira. «Datua ikusgarria da», adierazi du Gorka Urtaranek. 20-24 urtekoen artean, erdiak euskaldunak dira; 15 urtetik 19 urtera artekoen artean, aldiz, lautik hiru dira euskaldunak.

Azkenik, Iruñeko alkate Joseba Asironek azpimarratu du hirian egiten ari diren lana euskaraz hitz egitea aldats behera izan dadin, gero eta arnasgune gehiago egon daitezen eta horrek erabilera ahalbidetu dezan: «Hiriburuak ezinbesteko protagonista dira euskararen erabileraren sustapenean, eta horregatik Iruñeak ere euskararen erabilerarako gune eroso eta abegikorra izateko konpromisoa irmoa adierazi nahi du». Alkateak nabarmendu du historikoki Iruñeak euskararen historian izan duen «garrantzia» eta itxaropentsu hitz egin du etorkizunaz. «Euskara Iruñearen parte izan da bere sorreratik, eta XXI. mendeak itxaropentsu begiratzen dio euskararen etorkizunari Iruñean. Nafar erakundeek euskara babesteko eta haren erabilera sustatzeko apustua egin dute, eta Iruñeko Udalak hiriaren bi hizkuntza ofizialen elkarbizitza osasuntsua bermatzeko eta euskararentzako gune erosoak ahalbidetzeko neurriak hartzen ari da. Euskaraldia ekimen lagungarria izango da bide luze eta emankor horretan», amaitu du.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos