Euskaraz jolas egiten ikasteko gida

Interesa duen orok eskuragarri du dokumentua PDF formatuan
Interesa duen orok eskuragarri du dokumentua PDF formatuan / Yarza

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuak "Hezitzaileek euskara sustatzeko eskuliburua" izeneko argitalpena plazaratu berri du. Gida aisialdiko hezitzaileei zuzenduta dago eta haurren eta gazteen artean euskararen erabilera bultzatzea du helburu.

Euskararen Nafar Institutuak prentsa ohar baten bidez jakitera eman duenez, eskuliburuaren bidez, aisialdiko begiraleek euskararen erabilera sustatzeko estrategiak eta baliabideak jasoko dituzte.

Hiztun berrien ikaste prozesua azkartzeko, esparru estrategikotzat jotzen dute haur eta gazteen eskolaz kanpoko sozializazioa. Antolatzaileen arabera, "haurrak eta nerabeak euskal hiztun bilakatzeko eta euskaraz sozializatzeko prozesua sendotu nahi da eskolaz kanpoko hezkuntza arloetan, aisialdi eta kirol jardueretan batik bat, haur eta gaztetxoak euskaraz berez, aise eta eroso komunika daitezen".

Atalez atal

Lehen atalean aisialdia gaztetxoek euskaraz egin dezaten arlo estrategikoa den aipatzen da. Bigarrenean, gazte nafarren informazio soziolinguistikoa ematen da. Hirugarren atalean, oinarrizko irizpideak nahiz praktika egokiak bildu dituzte eta programatzean erabiltzea komeni den dekalogo modukoa aurkeztu dute. Laugarren atalean, jardueren ezaugarrietara egokitutako proposamenak daude bilduta.

Bosgarren atalean, erabili ahal diren baliabideak eta zenbait gomendio daude, proposamenak tokian tokiko behar eta nahietara moldatzeko moduan. Horretarako, zuen irudimena eta sormena ezinbestekoak izanen dira jolasak aldatzeko, birsortzeko… Hori bai, tresna hauek modu egokian, aurrean dugun gazte taldearen arabera, antolatzea komeni da —zer eta zertarako egiten ari garen argi izanik—, hezitzaile lanean eraginkorragoak izateko.

Baliabideak lau multzotan sailkatu dituzte: hizkuntza errutinak lantzekoak, hizkuntza jolasak (betiko jolasen aldaerak, hizkuntzaren erabilera txertatua dutenak), euskara ardatz duten jarduerak eta kontuan hartu beharreko beste eraginbide batzuk. Azkenik, jarraipen eta ebaluazio fitxak jaso dira eranskinetan eta edukietan sakontzeko bibliografia bildu dute.

Interesa duen orok eskuragarri du dokumentua PDF formatuan.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos