Euskararen Kalitate Ziurtagiria lortu duten erakundeen erdia baino gehiago Gipuzkoakoak dira

Euskararen Kalitate Ziurtagiria lortu duten erakundeen erdia baino gehiago Gipuzkoakoak dira
IREKIA

35 erakunde batu dira Euskararen Kalitate Ziurtagiridunen zerrendara aurten

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatu dituzte gaur, Bilboko Euskalduna Jauregian egin den banaketa ekitaldian. Orotara 35 erakundek jaso dute ziurtagiria; horietatik 16-k goi-mailako urrezko Bikain egiaztatu dute; 17-k tartekoa den zilarrezkoa eta 2-k oinarrizkoa. Bestalde, Bikain Ebaluatzaileen Klubean 666 ebaluatzaile daude eta horietatik 123 kidek burutu dituzte aurtengo ebaluazio lanak.

280 pertsonatik gora elkartu dira Bilboko Euskalduna Jauregian sari banaketa ekitaldiaren 9. edizioan. Oholtzan izan dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Miren Dobaran, Hizkuntza Politikako sailburuordea; Nuria Agirre, Laboral Kutxako Giza Baliabideetako zuzendaria; eta Roberto Larrañaga, Confebask-eko presidentea.

Gonbidatuen artean, besteak beste, Bikain Ziurtagiria eskuratu duten erakundeetako ordezkariak, Ebaluatzaileen Klubeko kideak, enpresaburu zein kooperatiba elkarteen goi-ordezkariak, euskal kulturgintzako ordezkariak, edota administrazioetako, alderdi politikoetako nahiz sindikatuetako ordezkariak izan dira. Ekitaldia Garapenaren Lengoaia lelopean egin da eta bertan puntako erakundeen lan-erreminta euskara dela berretsi da.

"Esparru sozio-ekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatzea" da Bikain Ziurtagiriaren egitekoa. Horregatik, argudiatzen dute antolakuntzatik, 2008tik egundaino Bikain Ziurtagiria izan da kalitatezko euskararen bermea erakundeetan, eta guztira 329 erakundek dute ziurtagiria (batzuek bat baino gehiago dute); 67.200 langile inguru dituzte enpresa horiek.

Orotariko erakundeak

Gaurko ekitaldian ziurtagiria jaso duten 35 erakunderen artean, ohi bezala, orotariko erakunde pribatu eta publikoak daude: industrial nahiz teknologikoak, zerbitzuetakoak, asistentzialak, garraioetakoak, hezkuntzakoak, aholkularitza-alorrekoak baita administraziokoak ere. Aurten Ziurtagiria lortu duten %63 Gipuzkoako erakundeak dira, %34 Bizkaikoak eta %3 Arabakoak.

Bikain Ziurtagiria kanpo-ebaluazio bat egin ondoren eskura daitekeen ziurtagiria da. Ebaluazio horretan, besteak beste, ebaluatzen diren ardatzak ondorengoak dira: zerbitzu ardatza (erakundearen irudia eta bezeroarekiko/herritarrekiko harremanak), eta lan-hizkuntza (barneko-komunikazioa eta lan-tresnak, pertsonen kudeaketak, kanpo-harremanak eta kudeaketa-sistema).

Horiek horrela, aurten parte hartu duten erakundeek dagoeneko jaso dute ebaluazio-txosten bana beren indargune nahiz zer hobetuen berri zehatza ematen diena.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos