Euskararen Agenda Estrategikoa zuzendu eta "politiken erdigunean" kokatzeko proposamena egin dute

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea/Sara Santos
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea / Sara Santos

EH Bilduk ekimen bat eraman du Eusko Legebiltzarrera, uste dutelako posible dela "25 urtetik beherako guztiak euskaldun eleanitzak izatea, eta ez soilik Jaurlaritzak esaten duen %75"

DVDonostia

"Ezinbestekoa da agendaren helburu nagusia zuzentzea, EAEko eragile guztiekin elkarlanean diagnostiko partekatu baten oinarrituta". Hala adierazi du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak, Euskararen Agenda Estrategikoa zuzentzeko ekimenaren sinatzean.

EH Bildu taldeak legez besteko proposamen bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, 2020. urtean 25 urtetik beherako herritar guztiak euskaldun eleanitzak izateko helburuarekin. Ekimenaren bitartez, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Agenda Estrategikoa kritikatu nahi izan du alderdi abertzaleak.

Horrela, Uberak adierazi du EH Bildurentzat "posible" dela 2020an "25 urtetik beherako guztiak euskaldun eleanitzak izatea, eta ez soilik Jaurlaritzak esaten duen %75". Helburu hori lortzeko Uberak bi oinarri aipatu ditu: "herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko ekosistema sortzea eta euskara zeharlerro izatetik politiken erdigunean kokatzea".

Azken finean, EH Bilduren legebiltzarkidearen iritziz, gakoa da "Basque Country marka folkloriko huts ez bilakatze aldera, euskara lehenestea bi hizkuntza ofizialen artean, hain zuzen, horrela soilik lortuko baitu praktikan gaztelaniak duen estatus bera".

EH Bilduk salatu duenez, Euskararen Agenda Estrategikoak "ekimen komunikatibotik larregi du". "Ez dago diagnostiko partekatu baten oinarrituta, egiten diren irakurketak azalekoak dira eta boluntarismoa da nagusi. Herri helburu adostutik gutxi du, ez baitu herriko eragile ezberdinekin adostu. Aurkeztu digutena EAJ eta PSEren gobernuaren helburua da soilik".

Testuaren lau puntu edo eskakizun

Modu honetan, Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako legez besteko proposamenaren testuak lau puntu jaso ditu, eskaera zehatzekin. Lehenik, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailari eskatu dio Euskararen Agenda Estrategikoa zuzendu dezala Euskal Autonomia Erkidegoko euskararen arloko eragile guztiekin egindako diagnostiko partekatuan oinarrituta, gaur egungo Etxebizitza eta Biztanleriaren Zentsua (2011) eta eremu soziolinguistikoan errealitatea kontuan izanda.

Bigarrenik, Jaurlaritzari galdegin dio "herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko ekosistema" sortu eta elikatzeko politika zehatzak abian jarri ditzala eta indarrean daudenak indartu ditzala, euskara zeharlerro izatetik, politiken erdigunean kokatuz.

Hirugarrenik, EAEko Toki Erakundeari buruzko Legeak euskarari dagokionez araututakoa indarrean jarri ahal izateko egitasmoa egin dezala eta Euskararen Agenda Estrategikoan txerta dezala eskatu dio Lakuako Gobernuari.

Azkenik, "euskara hizkuntza gutxitua mundu globalizatu honetan etengabe hizkuntza hegemonikoekin interakzioan izanik, euskara berariazko hizkuntza gisa" lehenesteko eskatu dio, "egiazki hizkuntza ofizialaren estatusa izan eta garatu dezan, elebitasun erreala lortzeko, herritar euskaldun eleanitzez osaturiko gizartea erdiesteko".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos