Euskararen Adierazle Sistemak ingurune digitala ere aintzat hartuko du aurrerantzean

Wikipedia euskaraz/Lobo Altuna
Wikipedia euskaraz / Lobo Altuna

Hizkuntza batek ingurune digitalean duen egoerari "bizitasun digitala" deitzen zaio eta garrantzitsua da hiztun gutxiko hizkuntzen kasuan ingurune digitalean dituen gabeziak eta indarguneak monitorizatzea

DV

Euskararen erabilera sare sozialetan, hizkuntzaren eskaintza web edukietan, erabilera web edukietan eta euskararen eskaintza ingurune digitaleko azpiegituretan. Lau adierazle hauek hartuko ditu euskararen bizitasun digitala neurtzeko hemendik aurrera Euskararen Adierazle Sistemak (EAS), ingurune digitala ere aintzat hartuz.

Jaurlaritzak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, adituen arabera, ingurune digitala hiztun gutxiko hizkuntzetarako babesleku zein arrisku esparru izan daiteke. Hizkuntza batek ingurune digitalean duen egoerari "bizitasun digitala" deitzen zaio: zenbat eta hobeto posizionatuta egon ingurune digitalean, orduan eta bizitasun digital hobea izango du hizkuntza batek.

Horrela, beharrezko da, hiztun gutxiko hizkuntzen kasuan bereziki, bizitasun digitalaren aldizkako monitorizazio prozesu bat, non ingurune digitalean hizkuntza batek dituen gabeziak eta indarguneak antzeman ahal izango diren. Diagnostiko prozesu hori ezinbestekoa da geroko zuzentze neurriak behar bezala bideratzeko edo ondo egin diren esparruei eusteko edo haiek indartzeko.

Hori aintzat hartuta, azken bi urteetan, herri erakundeek bultzatutako Euskararen Adierazle Sisteman ingurune digitaleko adierazleak modu berezian landu dituzte Soziolinguistika Klusterrak eta Elhuyarrek elkarlanean. Lantalde horretako partaide izan dira Iñaki Martinez de Luna Euskararen Adierazle Sistema proiektuaren zuzendaria, Maite Goñi Euskararen Aholku Batzordeko kidea eta IKT batzorde ataleko arduraduna, Joseba Laka Tecnaliako European Software Institute-ko zuzendaria eta Josu Waliño PuntuEus Fundazioko zuzendaria.

Proiektuak bi fase izan ditu. Lehenengoan, ingurune digitaleko adierazle hautagaiak proposatu dira, eta adierazle bakoitza neurtzeko metodologiak, bideragarritasun ekonomikoa, teknikoa eta bestelako ezaugarriak zehaztu. Bigarren fasean, neurketarako metodologiak inplementatu eta adierazleen neurketari ekin zaio.

Lau adierazleak

Ingurune digitalean euskarak zenbaterainoko presentzia duen neurtzeko ekimenak, lehenengo aukeraketan proposatutako hogei adierazleetatik lau aukeratu zituzten, bakoitzaren neurketaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aintzat hartuta, eta kontuan hartu zen neurketa modu sistematikoan eta bestelako hizkuntzekiko modu konparagarrian egiteko aukera ere. Azkenean, honako adierazle hauek aukeratu ziren: euskararen erabilera sare sozialetan, euskarazko eskaintza web edukietan, euskararen erabilera web-edukietan eta euskarazko eskaintza ingurune digitaleko azpiegituretan.

Sare sozialetan euskararen erabilera zenbatekoa den neurtzeko, Twitter hartu da erreferentzia moduan. Neurketarako, Euskal Herriko Twitter erabiltzaileen errolda bat sortu da, modu automatikoan, ikasketa automatikoko algoritmoen bitartez. Ondoren, errolda horretako erabiltzaile guztien mezuak bildu eta hizkuntzaren arabera sailkatzen dira automatikoki. Lehenengo emaitzen arabera, erabiltzaile horien mezuen %18 euskarazkoak dira, %69 gaztelaniaz idatziak daude, eta %5 frantsesez.

Web edukietako euskarazko eskaintza neurtzeko, PuntuEus behatokiko emaitzak hartzen dira. Behatoki horren atzean dagoen monitorizazio sistemak Euskal Herrian erregistratutako webgune guztietako web orriak deskargatu eta hizkuntzaren arabera sailkatzen ditu. Behatokiaren 2016ko emaitzen arabera, Euskal Herriko webguneen %12k dituzte euskarazko edukiak, %82k gaztelaniazkoak eta %16k frantsesezkoak.

Web edukietan euskararen erabilera zenbatekoa den neurtzeko adierazlea bitan banatu da. Alde batetik, euskara hutsezko webguneen erabilera neurtzen da, eta bestetik, euskararen erabilera webgune eleaniztunetan. Oraingoz, lehenengo adierazlea neurtu da. Azaroan, adibidez, euskara hutsezko webguneetan, 7,1 milioi orri bisitatu dira.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos