Euskarak Araban bizi duen egoera aztergai Jagon jardunaldian

Iñaki Martinez de Luna, Sagrario Aleman eta Roberto Gonzalez de Viñaspre./EUSKALTZAINDIA
Iñaki Martinez de Luna, Sagrario Aleman eta Roberto Gonzalez de Viñaspre. / EUSKALTZAINDIA

Azaroaren 17an egingo da Gasteizen, 'Araba, euskaraz bidea egiten' izenburupean

Gasteizen aurkeztu ditu astearte honetan Euskaltzaindia hiri horretan bertan hilaren 17an, ostiralarekin, egingo dituen XXII. Jagon jardunaldiak. Iazko Jardunaldiak Baionako Euskal Museoan egin baziren Ipar Euskal Herrian euskararen erabilera biziberritu beharraren inguruan, 'Gizarte eragile eta erakunde desberdinetako kideak batu eta beraiei hitza eman' izenburuak argi uzten zuen helburuarekin, aurten Gasteizen egingo dira euskarak Araban izan duen bilakaera aztertzeko. Aurtengoan ere mezu argia bideratzen du izenburuak: "'Araba, euskaraz bidea egiten'.

Izan ere, Euskaltzaindiak Jardunaldien aurkezpena iragartzeko zabaldu duen oharrean irakur daitekeenez, "azken mendeetan atzerakada izan ondoren, azken hamarkadetan nabarmen hobera egin du euskararen egoerak Araban. Arazoaren 17an egingo den jardunaldian aldaketa horren dimentsioa eta ezaugarriak izango dira hizpide, Arabako ordezkaritza herritar, profesional eta instituzional zabal baten eskutik". Aurkezpenean parte hartu dute Roberto Gonzalez de Viñasprek (euskaltzain urgazlea eta Euskaltzaindiaren ordezkaria Araban); Sagrario Alemanek (euskaltzaina eta Sustapen batzordeko burua); eta Iñaki Martinez de Lunak (urgazlea eta Sustapen batzordeko kidea).

Euskaltzaindiaren Jagon sailaren barruan dagoen Sustapen batzordeak antolatu du jardunaldi berria, Arabako Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin batera. Jakina denez, Jagon sailaren zeregina da “euskara sustatzea, erabilera zabaltzea, hizkuntzaren kalitatea bermatzea eta hiztunen eskubideak zaintzea, helburu hauek guztiek ziurtatuko dutelako euskararen biziraupena", Gonzalez de Viñasprek berak prentsaurrekoan azpimarratu duenez.

Bere aldetik, Sagrario Aleman euskaltzain eta Sustapen batzordeko buruak Jagon jardunaldien historia errepasatu du, eta atzera jo behar izan du horretarako, XX. mendeko hastapenetara, hain zuzen. "Mende hasierako eliza eta euskara jardunaldi haietatik hasi eta hainbat gai jorratu dira azken ehun urteotan: Europar Batasuna eta euskararen aldeko hizkuntza politika; euskara, kontsumoa eta hizkuntza eskubideak; euskara eta etorkinak; gazteak, aisialdia eta euskara... Eta jardunaldiok beti egin izan dira herri erakundeetako ordezkarien eta herri eragileen laguntzaz", adierazi du euskaltzain nafarrak. Aurtengoa, gainera, ez da Gasteizen egiten den lehen Jagon jardunaldia, Sagrario Alemanek gogoratu duen legez: "2011n Gasteizen egin zen sustapeneko Jagon jardunaldia, Arabatik Arabara goiburuarekin, eta, orduan bezala, Arabako eragileek jardunaldian parte hartzeko jarrera ezin hobea erakutsi digute".

Iñaki Martinez de Luna Sustapen batzordeko kide eta soziologoa ibili da egitaraua osatzen. "Azaroaren 17ko zita honetan Araban gertatzen ari den hizkuntza-aldaketaren dimentsioa eta ezaugarriak izango dira hizpide -aurreratu du Martinez de lunak-. Hasteko, euskararen egungo egoera eta azken hamarkadetako bilakaera aztertuko da, gertatzen ari dena datu zehatzen argitan ikusiz. Estatistikatik harago, zenbait erakundetako euskal teknikariek hartuko dute hitza ondoren. Jarraian, euskalgintza sozialaren ordezkaritza peto-petoak hartuko du hitza, hala nola Oihaneder/Lazarraga eta Agurain 75 ordu euskaraz ekimenetako ordezkariek, Gasteizko Geu eta Trebiñuko Gutxisolo euskara elkarteetako kideek, eta helduen euskalduntzeko mugimenduaren izenean IKAko ordezkari batek. Azkenik, euskararen biziberritze arrakastatsurako erabakigarriak diren zenbait hedabideen ahotsa ere entzungo da (HEKIMEN, ALEA, Hala Bedi 2...). Guztien ahotik eta nor bere eskarmentutik abiatuz, orain arteko lorpenez eta bidean izandako oztopoez zein etorkizuneko aukerez hausnartzeko parada egongo da. Baina jardunaldi dinamikoa egin nahi izan dugu, eta, horregatik, entzuleek ere parte hartzeko aukera izango dute, beraien zalantza edo ikuspuntuak hizlariekin partekatuz".

Egitarau zabala

Harreraren eta agur-ekitaldiaren ondotik, 'Arabako egoeraren eta bilakaeraren irakurketa datuen argira' gaiaz arituko dira, Iñaki Martinez de Luna moderatzaile dela, Agurtzane Ortiz de Landaluze (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako teknikaria); Asier Etxenike (Aztikerreko zuzendaria) eta Olatz Altuna (Soziolinguistika Klusterra. Kale Neurketako zuzendaria).

Bigarren saioaren gaia izango da 'Erakundeetako euskara teknikarien egungo lan-ildo berritzaileenak eta aurrera begirako aukerak', eta euren esperientziak partekatuko dituzte Jokin Larrañagak (Arabako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko burua); Alex Vadillok (Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzua); Leire Sueskunek (Errioxako Kuadrillako Euskara teknikaria) eta Manex Agirrek (Gorbeialdeko Kuadrillako Euskara teknikaria), Roberto González de Viñaspre moderatzaile dutela.

'Hainbat eragileren ahaleginak Arabako euskaldunak aktibatzeko' izango dute hizpide hirugarren saioan. Moderatzailea Ana Pedruzo izango da eta parte-hartzaileak, berriz, Asier Lafuente (Agurainen 75 Ordu Euskaraz ekimeneko kidea); Maddalen Agirre (GEU Elkarteko teknikaria); Iñaki Lazkano (Oihaneder Euskararen Etxeko teknikaria eta Lazarraga Kultur Elkarteko kidea); Pilar Ansotegi (Gutxisolo Elkarteko kidea) eta Josemi Reguero (Gasteizko IKAko arduraduna).

Itsaso Estarronak moderatuko du 'Euskarazko hedabideen garrantzia, Araban. Egoera eta aurrera begirako aukerak' gaiaren inguruko mahaia. Parte-hartzaileak izango dira Alberto Barandiaran (HEKIMENeko zuzendaria); Aritz Martínez de Luna (ALEAko koordinatzailea); Izar Mendiguren (Aiaraldea hedabideko zuzendaria) eta Jon Sanchez (Hala Bedi Bi-ko kazetaria).

Bazkalordurako amaituko den jardunaldia Montehermoso Kulturunea - Euskararen Etxeko Ortuño Aretoan egingo da, eta izena emateko honako bi bide hauek proposatu ditu Euskaltzaindiak: info@euskaltzaindia.eus eta (0034) 94 415 81 55 telefono zenbakia.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos