Euskal hiztunentzat «gune babestuak» eskatu ditu Behatokiak

Edurne Arrizibita eta Arantza Haranburu, Iruñean egin den aurkezpenean./
Edurne Arrizibita eta Arantza Haranburu, Iruñean egin den aurkezpenean.

Urteko txostenaren aurkezpenean adierazi dute «urraketa egoerarekin amaitzeko» neurrietako bat izan daitekeela

Iruñean aurkeztu du astearte hoetan Hizkuntz Eskubideen Behatokiak joan den urteari dagokion txostena. 'Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2017an' lanaren berri Arantza Haranburuk eta Edurne Arrizibitak eman dute, eta gogoratu dute txostena herritarrek Euskararen Telefonoaren bitartez eta Akuilari aplikazioaren bitartez Behatokiari helarazten dizkioten bizipenekin osatzen dela. Kexak izaten dira gehienak, baina zorionak emateko mezuak ere badira.

Hain zuzen ere, txostenak ez du datu eta grafikorik eskaintzen, herritarren bizipenen bilduma baita nagusiki osorik hemen ikus daitekeen 92 orrialdeko txostena. Osasungintzan, lan munduan, hezkuntzan, kulturaren arloan, admonistrazioarekiko harremanetan, garraoietan eta beste zenbait eremutan izandako esperientziak helarazten dizkiote hain zuzen herritarrek Behatokiari aipatu baliabideen bitartez.

Herritarren ekarpenak aztertuta, Behatokiak ondorioztatu du «hizkuntza-eskubideen urraketa kroniko bihur ez dadin botere publikoek injustiziak gainditzeko politikak» egin behar dituztela.

Euskaldunentzat «eroso sentitzeko guneak» sortu beharra ere aldarrikatu dute, «euskaraz osoki bizitzeko bidean emateko urrats gisa». Iaz, administrazioetan kontratazio politiketan erroko aldaketa eskatu zuen Behatokiak eta horri segika beharrezko ikusi du zirkuituen sorrera.

Agerraldian gogora ekarri dute Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak 70 urte beteko dituela aurten, eta Deklarazio horrek aitortu egiten duela ezin dela hizkuntzarengatik bereizkeriarik eragin.

«Euskaraz bizi nahi duten herritarren bizipenak dira hizkuntza-eskubideen egoeraren neurgailurik egokiena», esan du Haranburuk, eta honakoa nabarmendu du: «Urtez urte errepikatzen ari garena errepikatu beharrean gaude baita gaur ere. Euskal Herriko eremu administratibo guztietako zerbitzu publikoetan zein pribatuetan, nahiz kontsumitzaile moduan, idatziz nahiz ahoz, hutsune handiak aurkitu dituzte 2017. urtean euskaraz bizi nahi duten herritarrek».

«Espazio seguruak»

Iaz, langile publikoen kontratazio irizpideak aldatu beharra jarri zuen mahai gainean Behatokiak, eta ildo beretik doa aurtengoa ere. «Administrazioek ezin dute herritar guztien aukera berdintasuna bermatu artatzen duen langileak administratuak hautatutako hizkuntza ez badaki», esan dute. Egoera hori kroniko bihurtzen ari da Behatokiaren ustez, eta «bestelako hizkuntza-politikak egiteko beharra» mahai gainean jarri du, «hizkuntza-eskubideak erdigunean jarriko dituztenak».

Tarteko proposamena ere gehitu du aurten. Euskaldunak bere hizkuntzan artatua izateko eskubidea aldarrikatzen duenean «jasotzen duen tratu desegoki horren aurrean», beharrezko jo du «euskal hiztunentzat gune babestuak lortzea, espazio seguruak». Donostia Ospitaleko errehabilitazio unitatean sortutako zirkuitoa jarri dute adibide.

«Botere publikoen zeregina da injustizia egoerak zuzentzea eta herritarrei eskubideak legez aitortu eta horiek bermatzeko neurriak hartzea», Haranburuk esan duenez.

Nafarroako egoerari bereziki erreparatu diote Iruñeko aurkezpenean. «Nafarroako herritarren aldetik jasotako kexetatik askok agerian utzi dute Euskararen Lege berria behar dela. Zonifikazioak herritarren desberdinkeria sortzen du eta hori gainditu beharra dago. Gainera, hainbat kexa hartzailek lege urraketarik ez egitea argudiatzen dute, egungo legediari erreparatuz».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos