Euskal Herriko lehen arotz ontzigile eskola jarriko du abian Albaolak

Ontzigintza tradizionalaren eta bere teknologiaren eta tekniken berreskurapena ditu xede Albaolak/
Ontzigintza tradizionalaren eta bere teknologiaren eta tekniken berreskurapena ditu xede Albaolak

Irailaren 19tik aurrera jarriko da funtzionamenduan eta izena emateko epea zabalik dago

DVDonostia

'Aprendiztegi, Lance Lee Nazioarteko Ontzigintza Eskola' izango da eskola berriaren izena. Izan ere, Lance Leek, AEB-tako ontzigintza tradizionaleko irakasle aitzindariak sortutako ereduan oinarritzen da Albaolak zabalduko duen eskola hau. Eredu pedagogiko honek hasiera hasieratik esperientzia bidezko ikasketa hobesten du eta eskola bokazionala izanik, ikaslearen motibazioa du ardatz nagusi.

Albaolak hastapenetik du bere helburu nagusien artean zurezko ontzigintza tradizionalaren eta bere teknologiaren eta tekniken berreskurapena. Horregatik, "berria eta berritzailea den eskola diseinu honen martxan jartzearekin ekarpen handia egin nahi dugu euskal itsas ondarearen berreskurapenean eta hedapenean".

Euskal Herria mendeetan goi mailako arotz ontzigileen lurraldea izan bada ere, azken hamarkadetan galduta edo galtzear egon den lanbidea izan da. Zurezko ontzien gainbeherarekin batera, lanbide honen inguruko jakinduria, teknologia, teknikak, lan tresnak, lehengaiak eta abarrak ere desagertze bidean egon dira. Aldiz, Europako itsas kultura eta garapen maila handiko herrialdeetan arotz ontzigile izateko formakuntza eskaintzen dela ikusita, "hemendik aurrera hala nahi dutenek Albaolan formakuntza osoa hartzeko aukeraizango dute, Euskal Herrian lehen aldiz".

Nor da Lance Lee?

1972. urtean Estatu Batuetako Main-en lehen eskola ireki zuenetik, Lance Leek ontzigintza tradizionalaren eta itsas ondarearen alorrean Estatu Batuetan egindako lanak mundu osoan izan du oihartzuna eta bere eskola ereduak gaur arte arrakasta handiz iraun du.

Bere ibilbidearen hastapenetik, Albaola elkartearen inspiratzaile nagusietakoa izan baita Lance Lee, Albaolak omenaldia egin nahi izan dio Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian ateak zabalduko dituen ontzigintza eskola berriari bere izena jarriz.

Eskola hau itsas ondarearen alorrean lan egin nahi duten mundu osoko ikasleei zabalduta dago. Guztira hiru urteko ikasketa programa du. Plaza kopuru mugatua du eskolak, urteko 6 hain zuzen ere.

Informazio gehiago eskuragarri dago http://www.albaola.com/eu/site/ontzigintza-eskola web orrian.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos